Ingurumena
Mikroplastikoak Asturiasko kostaldera heldu dira, eta Kantabriak larrialdi aurreko egitasmoa martxan jarri du
Agentziak | EITB Media
Galiziako Xuntak, ordea, larrialdi plana 2. mailara igotzea baztertu du, plastikozko bolatxoak "toxikoak ez" direla argudiatuta. Bestalde, Eusko Jaurlaritza arretaz ari da egoera jarraitzen, baina "lasaitasuna" eskatu du.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Alejandro Calvo Asturiasko Gobernuko Sustapen, Toki Kooperazio eta Suteei aurre egiteko kontseilariak Istripuzko Itsas Kutsadurari aurre egiteko Lurralde Plana (Placampa, gazteleraz) aktibatu du gaur, bere kostaldean (ekialdea, Galiziatik gertu) mikroplastikoak azaldu direla eta.
Duela hilabete, abenduaren 8an, gertatutako isuri baten ondorioak atzeman dituztela baieztatu du, horrenbestez, Asturiasek. Portugalgo uretan, Viana do Castello parean (iparraldea), zebilela Toconao itsasontziak milioika pelletekin betetako sei edukiontzi galdu zituen. Urte amaieran milaka plastikozko bolatxo azaldu ziren Galiziako kostaldean, eta alerta fasearen lehen maila (larritasun txikiko egoeretarako aurreikusita dagoena) ezarri zuen Xuntak urtarrilaren 5ean.
Asturiasko Gobernuak, esan bezala, gaur aktibatu du plana, Placampa delakoaren aholku batzordeak goizean egindako bileran. Erabakitakoaren arabera, hondakinak batzeko eta kudeatzeko dispositiboa jarriko dute martxan lehenbailehen.
Hala, gaur bertan hasiko dira plastikozko bolatxo horiek hondartzetatik kentzen, uretan zabaldu eta kate trofikoari eragin diezaioten saihestu nahian.
Era berean, Kantabriako Gobernuak Babes Zibileko Larrialdietarako Lurralde Planaren (PLATERCANT) aurrelarrialdi fasea martxan jarri du gaur eguerdian, Kantauri mendebaldeko kostaldean isuriak aurrera egin duelako.
Hori dela eta, eskualdeko Exekutiboak PLATERCANTa aktibatu du bere jarraipen-, koordinazio- eta prestakuntza-fasean, larrialdiaren adierazpena ez dakarrena, egoeraren azterketa "zehatza" egiteko eta ingurumenaren eta larrialdien kudeaketaren arloan eskumenak dituzten erakundeen artean "lankidetza handiagoa" lortzeko.
Alerta maila igotzeari uko egin dio Galiziak
Bien bitartean, Angeles Vazquez Galiziako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Ingurumen kontseilariak jakinarazi du Xuntak baztertu egin duela alerta maila 2. fasera igotzea. Gainera, pelletak biltzea "modu ordenatuan" egiteko deia egin du (ehunka ekologista eta boluntarioak ari dira lan horretan).
Vazquezen hitzetan, plastikozko bola txikiak "ez dira toxikoak, ezta arriskutsuak ere". Dena dela, onartu du plastikoa denez, "hondartzetatik kendu behar" dela.
Azaldu duenez, isuria izan zela jakin eta berehala aktibatu zutela larrialdi plana, eta "aditu eta zientzialariek diotena oinarri" ez da beharrezko alerta 2. fasera igotzea.
Espainiako Gobernuaren jarduna estu hartu du Angeles Vazquezek, eta "lankidetza" eskatu dio, Sanchezen exekutiboaren ardura delako itsas garraioa. "Espainiako Gobernuak martxan jarriko dituen zerbitzuak zeintzuk diren ezagutzeko zain gaude", esan du eta zehaztu Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako ministroa "atzo" jarri zela berarekin harremanetan. Bestela dio, ordea, Espainiako Gobernuak: abenduaren 20an jakinarazi ziola isuria.
Xuntako kontseilariaren esanetan, 200 pertsona jarri dituzte lanean, tartean dira Xuntako beharginak, kostazainak eta ingurumen langileak. Ohartarazi duenez, pelletak jasotzeko prozesua "oso zaila da". Horren harira, eta milaka boluntario bolatxoak biltzen ari direla eta, azpimarratu du "modu ordenatuan eta zentzuz" egin behar direla: "Biltzen ari direnak zapaldu eta harean sartzen dituzte".
Galiziako Gobernuak ez omen daki zenbat pellet isuri diren, "hori Espainiako Gobernuak eta itsasontziaren armadoreak egiaztatu behar dute", argitu du. Nolanahi ere, "ematen du gutxi izan direla".
Jaurlaritzak "lasaitasuna" eskatu du
Azkenik, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak onartu du "arretaz" ari direla Kantauri Itsasoko uretako egoera aztertzen. Dena dela, "lasaitasuna" eskatu du: "Ikusiko dugu zer gertatzen den, zaila izango da pellet horiek gurera iristea ekiditea". Izan ere, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketa batean ohartarazi duenez, itsasoak globalak dira eta edozein tokitan isurtzen dena euskal kostaldera iritsi daiteke.
Horren ildoan, kontzientziazioa oso garrantzitsutzat jo du. "Askotan ikusi ditugu plastikozko irla horiek, urrutian bezala, baina bertara irits daitezke. Ea kontzientzia horrek halakoak saihesten dituen, eta ahalik eta portaera egokiena izaten eragiten duen", adierazi du.