Itsas kutsadura
Azti Zierbenako Arena hondartzan agertu diren plastikozko pinportak isuritik datozen ikertzen ari da
EITB Media
Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek laginak hartu dituzte Arena hondartzan, eta Deriora eraman dituzte aztertzeko eta Galiziakoekin alderatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
AZTI itsas zentro teknologikoa ikertzen ari da ea Zierbenako (Bizkaia) Arena hondartzan gaur agertu diren plastikozko bolatxo batzuk Portugalgo kostaldearen isuritik datozen, EITB Mediak jakin ahal izan duenez.
EAEko kostaldera mikroplastikoak iristea ohikoa izaten da, ozeanoetan mota horretako materialak oro har pilatzen ari direlako. Hori dela eta, Bizkaiko hareatzan aurkitutako bolatxoak isuri masibotik edo besteren batetik datozen ikertu behar da.
Hala, Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek laginak hartu dituzte Arena hondartzan, eta Deriora eraman dituzte aztertzeko eta Galiziakoekin alderatzeko.
Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bitartez, 'Itsasertza', Itsas Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Plan Berezia, jarri du martxan gaur.
Roberto Media Kantabriako Ingurumen kontseilariak gutxienez bi hondartzatan plastikozko pinportak agertu direla baieztatu du: Val de San Vicenteko Prellezon eta Pielagoseko Portion.
Bestalde, Alfonso Rueda Xuntako presidenteak iragarri du kutsaduraren aurkako egitasmoa (Camgal) 2. fasera igoko dela, orain arte 1. mailan baitzegoen, Espainiako Gobernuak "baldintza hori eskatzen duelako" isuriari eusteko itsasoan lan egiteko.
Asturiasek alerta-maila igo duen egun berean iritsi da erabaki hori, eta Xuntan hainbat egunez maila hori igo gabe egon ondoren, Espainiako Gobernuak behin eta berriz eskatu du neurria hartzea, lankidetza eskaintzeko.