epaia
Hiru urteko kartzela zigorra ezarri diote Santi Cocaren heriotzarengatik zigortutako gazteari
Agentziak | EITB MEDIA
Epaimahaiak errudun jotako auzipetuak 165.000 euro pasatxoko kalte-ordaina eman beharko die gazte donostiarraren senitartekoei, eta ezingo zaie hurbildu bost urtean.
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio 2019ko apirilean jipoia jaso ostean hil zen Santi Cocaren auzian errudun jotako akusatu bakarrari. Herri epaimahaiak zuhurtziagabekeriazko giza hilketa egitea egotzi zion, eta horren araberako zigorra ezarri dio orain epaileak.
Epaia ez da irmoa, eta apelazio errekurtsoa aurkez dezakete aldeek.
Espetxe zigorraz gain, kalte-ordaina eta bestelako neurriak ebatzi ditu magistratuak, gaur kaleratutako epaian. Lehenengoari dagokionez, 420 euroko isuna ordaindu beharko du lesio delituengatik, eta gaztearen aita-amei 72.438 eurona eman beharko dizkie. Santi Cocaren anaiari, berriz, 20.696 euroko kalte-ordaina dagokio, eta beste 80 euro, eragindako kaltea erreparatzeko. Guztira, 165.652 euro. Bestalde, bost urteko urruntze agindua ezarri dio.
Testuak frogatutzat jo du 2016ko apirilaren 26 hartan Santi Coca eta ihes eginda dagoen gaztea borroka batean nahastu zirela. Gerora, baina, gazte donostiarra jipoitzen hasi ziren hainbat lagun, tartean zigortua izan dena, eta horrek "kolpeak eta ostikoak" eman zizkiola. Epaileak uste du zigortutakoak ez zuela uste adingabea "hil zitekenik" baina "erraza zen horretarako arriskua zegoela konturatzea".
Lau auzipetu errugabetuta, eta seigarren bat, ihesean
Epaiak absolbitu egin ditu herri epaimahaiak errugabetutako lau gazteak, eta ahozko epaiketan errugabetutako bosgarrena.
Testuaren arabera, "gertakarien bideoak ikusita, ezin da baieztatu bost gazteetako bakar bat adingabearen erasotzailea denik". Gainera, "euren gorputzetan ez zituzten topatu borrokaren batean nahastuta egon ziren zantzu edo markarik".
Seigarren auzipetu bat ere badago, baina ezin izan dute epaitu, ihes eginda baitago. Hari egotzi zioten gazteek Santi Cocaren heriotza eragin zuen "buruan emandako azken ostiko bortitza".