23. edizioaren ibilbidea
2.700 kilometroko bidea egingo du Korrikak, euskararen oinatzak Euskal Herri osoan iltzatuz
EITB MEDIA
Martxoaren 14tik 24ra Korrikak egingo duen ibilbidea aurkeztu du gaur AEK-k. Kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko dute.
23. Korrikaren ibilbidea aurkeztu du gaur AEK-k. Jakina zen edizio honetan euskararen aldeko ekimen erraldoia Irundik aterako dela martxoaren 14an, hamaika egun geroago, martxoaren 24an, Baionan bukatzeko. Ibilbidearen xehetasunak, baina, gaur ezagutarazi dituzte. 2.700 kilometroko bidea egingo du lasterketak, zazpi lurraldeak zapalduta. kilometroak erreserbatzeko aukera, berriz, otsailaren 1ean zabalduko da.
Irungo San Juan plazan emango ditu lehen oinkadak, 16:00ak jota. Lehendabiziko egun horretan Gipuzkoa eta Lapurdi artean ibiliko da Korrika. Hain zuzen ere, 17:00ak pasatxo sartuko da Lapurdin, Hendaiatik. Nafarroa Beherean murgilduko da bigarren egunean, Donoztiritik hasita. Gau berean Zuberoara igaroko da, eta Maule atzean utzita, berriro itzuliko da Nafarroa Beherera.
Martxoaren 15ean, baita, Nafarroara egingo du jauzi. Azkarate herritik sartuko da, eta bertan emango du asteburu osoa. Lehenik Bortziriak bisitatu, eta Pirinioak izango ditu helburu, ondoren hegoalderantz zuzentzeko. Iruñea 17:15ean harrapatuko du, baina hiriburua utzi eta Erriberara bideratuko da berehala. Berriro iparralderantz eginda, eta Lodosa eta Lizarra agurtuta, Araban barneratuko da.
Aldez alde zeharkatuko du arabar lurraldea martxoaren 18an, Gasteizera 19:30ean ailegatzeko. Agurainera 02:00etan iritsiko da. Ordurako martxoak 19 izango da, eta egun horretako egunsentiarekin batera utziko du Korrikak Araba, Nafarroako Sakanan sartzeko: Ziordia, Altsasu, Bakaiku, Etxarri Aranatz, Irurtzun...
Eskuz esku ibiliko da lekukoa, atzera Gipuzkoan barrentzeko. Hernanitik sartuko dira korrikalariak 20:20 aldera. Hortaz, aurreikuspenek kale egin ezean, martxoaren 20ko asteazkena izango da lasterketa Gipuzkoako kostaldera heltzerako; 00:00ak inguru iritsiko da itsasertzera: ordurako, Oriora helduta egongo da, ondoren Zarautz eta Zumaiara jarraitzeko asmoz.
Tipi-tapa! atsedenik hartu gabe, Debagoiena izango da hurrengo helmuga, handik Debabarrenera jarraitzeko: Bergara, Elgeta, Eibar, Elgoibar... Goiz osoa Gipuzkoan eman eta gero, Mutrikuk esango dio "hurrena arte" egun eta lurralde horietan, 14:11n.
Bizkaiko kostaldetik asko aldendu gabe ibiliko da ondoren: Ondarroa, Lekeitio, Elantxobe... Gernikan 23:04an agertu arte. Itsasaldetik berriro ere gehiegi urrutiratu barik, martxoak 21, osteguna, izango da Bermeora heldutakoan, gaueko 01:31n. Egun horretan ailegatuko da, bestalde, Bilbora, ia 17:00etan: 16:59an. Ondoren, Ezkerraldea zeharkatu du, eta, gerora, Meatzalde eskualderantz joko du, non 23:15 eta 02:00 bitarte ibiliko den.
Hurrengo eguna ere, martxoak 22, bizkaitarrek arinketarako duten gaitasuna neurtuko du Korrikak, nahiz eta une batez Araban sartuko den, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Otxandio izango da Bizkaiko azken herria, dagoeneko, martxoak 23, larunbatean, 00:12an. Asteburua helduta, iparralderantz joko du beste behin, Goierritik igarota, azkenik, Donostiara heltzeko 19:22an.
Azken orduak Gipuzkoatik Lapurdirako bidean izango dira, Nafarroara zertxobait sartuta: Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara, Senpere, Biarritz, Angelu... Igandeko gau eta
goizean zeharkatuta, Baionarat iritsiko da azkenik, eguerdian, 12:30ak aldera. Mezua irakurriko dute ondoren, eta amaierako jai handia 13:30etik aitzina dago aurreikusita.