Itxi

DONOSTIA

21.000tik gora pertsonak parte hartuko dute San Sebastian eguneko helduen 160 danborradetan

AGENTZIAK | EITB Media

Leer en Castellano

Hortaz, inoizko danborradarik jendetsuena izango da aurtengoa. Gainera, aurten 25 urte betetzen dira bandera igotze ekitaldira, Gaztelubiderekin batera, auzoko danborraden ordezkariak eta emakumeak oholtzara igo zirenetik.

San Sebastian eguneko helduen danborrada Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

Aurten, Donostiako helduen danborradak historiako marka guztiak hautsiko ditu, 21.306 pertsonak parte hartuko baitute hirian zehar San Sebastian egunez (urtarrilak 20) egingo diren 160 danborradetan.

Orain arte gizonak soilik partaide ziren lau danborrada mistoak izatera pasako dira. Gauzak horrela, 160 danborradatik soilik bost izango dira sexu bakarrekoak: lau gizonez osatutakoak, eta, bat, emakumez.

25 urte betetzen dira bandera igotze ekitaldira, Gaztelubiderekin batera, auzoko danborraden ordezkariak eta emakumeak oholtzara igo zirenetik. 1999ko bandera igotze ekitaldian 63 danborradak parte hartu zuten eta aurten, ordea, 120 izango dira.

Bandera jaitsiera ekitaldian, berriz, 108 pertsonak parte hartuko dute Union Artesanako ordezkariekin batera.

Aurtengo San Sebastian eguna berezia izango da hiru danborradentzako urteurren borobilak beteko dituztelako: Amarako Ikasbide Kultur Elkarteak eta Aieteko Axular danborradak 25 urte bete dituzte eta Añorgako Atotxa Errekak, 50 urte.

Gainera, aurten mendeurrena ospatuko duen Loiolatarra elkarteak San Sebastian egunez igo eta jaisten den bandera jasoko du.

Bestalde, haurren danborradaren kasuan, 41 ikastetxetako 4.732 haurrek parte hartuko dute.