Arnas birusak
Gripe kasuek gora egin dute berriz EAEn, eta musukoa gutxienez beste bi astez izango da derrigorrezkoa
AGENTZIAK | EITB Media
Bronkiolitis eta covid kasuek, ordea, behera egin dute azken astean.
Arnas infekzio akutuen tasa 717,4 kasukoa izan da 100.000 biztanleko urtarrilaren 8tik 14ra Euskadin, hau da, inzidentziak gora egin du aurreko asteko datuekin alderatuta. Izan ere, 637,2koa izan zen orduan.
Dena dela, kasu larriak (ospitaleratzea behar dutenak) jaitsi egin dira, 33,8tik 24,5era.
Osasun Sailak azaldu duenez, azken astean gora egin dute gripe kasuek, baina behera, ordea, bronkiolitis eta covid kasuek.
Datu horien ondorioz, musukoa gutxienez beste bi astez izango da derrigorrezkoa ospitaleetan eta anbulatorioetan, maskara eranzteko inzidentziak bi astez behera egin behar duelako.