Itxi

EGURALDIA

Zuhaitzen eta hiri-altzarien erorketak eta hainbat hegaldi bertan behera, haize boladen ondorioz

EITB Media

Leer en Castellano

Bi hegaldi bertan behera geratu dira eta beste hainbat atzeratuta gaur Bilboko Aireportuan, haize zakarra dela eta. 10:00etatik aurrera, abisu horia ezarriko dute galerna arriskuagatik. Haizearen norabidea aldatuko da, eta euria ez ezik, hotza ere iritsiko da arratsaldetik aurrera.

Haizearen ondorioz eroritako zuhaitza bat. Argazkia: EITB Media

Euskal Autonomia Erkidegoa astintzen ari diren haize-bolada gogorrek 56 gertakari eragin dituzte azken orduetan, batez ere adarren, zuhaitzen edo hiri-altzarien erorketekin lotutakoak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez.

Hala, atzoko 18:00etatik gaurko 9:00etara, Araban 22 gertakari izan dira, batez ere eroritako eta mugitutako edukiontziengatik. Bizkaian gertakari kopuru bera erregistratu da, batez ere fatxadetako elementuen erorketengatik. Berangon, gainera, argiaren hornidura eten egin zen. Azkenik, Gipuzkoan 12 jarduera egin dira, gehienak zuhaitzak errepidera erori direlako.

Loiuko aireportuan

Bestalde, haize-boladek arazoak eragin dituzte ere Loiuko aireportuan eta bigarren mailako errepideetan. Gaur, bi hegaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, horietako bat Madrilera zihoan, eta bestea Frankfurtera. Atzerapenak izan dira beste horrenbeste hegalditan.

Atzo, hamabi hegalditan izan ziren gorabeherak (batzuk bertan behera geratu ziren, eta beste batzuk desbideratu egin zituzten, Loiun lurreratzeko arazoak zituztelako). Alemaniako denboraleak ere izan du zerikusirik horretan. Elurra dela eta, ehunka hegaldi utzi dituzte bertan behera han, horietako batzuk Bilbon zuten helmuga.

Azken orduotan, 118 km/h-ko ufadak neurtu dituzte Kapilduin, eta 111 km/h-koak Matxitxakon.

09:00ak arte, alerta laranja egon da indarrean haizeguneetan, eta abisu horia haizeak hain gogor jotzen ez duen tokietan. 10:00etan, baina, Segurtasun Sailak abisu horipean jarriko du Euskadi, enbata arriskua tarteko. Horrek aldaketa ekarriko du nonahi. Zeruak estali, eta euria egingo du; bereziki, arratsaldetik aurrera. Haizearen norabidea ere aldatu egingo da, eta hegoak iparrari utziko dio lekua. Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, orduan.

Bihar, ostirala, ere euria egingo gu; goizean, gehien bat. Tenperaturak are gehiago jaitsiko dira, hotzari bide emanez. Larunbatean ere nabarituko da hotza. Egun horretan, 00:00etatik 10:00etara abisu horia ezarriko dute izotzagatik barnealdean eta Gipuzkoako kostaldean.

Errepideetako egoera

Haize ufada zakarren ondorioz, hainbat zuhaitz erori dira Gipuzkoako bigarren mailako zenbait errepidetan. Ordu honetan (09:05) ez dago haizearekin lotutako gorabeherarik Euskadiko errepideetan.

Albisteak (1)