Eguraldia
Zeropean esnatu da Euskal Herria
EITB MEDIA
Agurainen ia -8 gradura jaitsi da tenperatura, eta -11 gradura Aurizberrin, eta Bilbo Handia kenduta, ia Euskal Herri osoak zeropeko tenperaturekin argitu du.
Ia Euskal Herri osoa, Bilbo Handia eta kostako txokoren bat kenduta, zeropeko tenperaturekin esnatu da. Iragarpenak bete egin dira, eta asko hoztu du bart. Hala, Araban neurtu dira tenperatura baxuenak: Agurain (-7,9), Altube (-6,6) eta Gasteiz (-4,6). Nafarroan ere, dezente jaitsi da termometroa: Aurizberri (-11), Etxarri Aranatz (-6,3), Iruñea (-2,1), Tutera (-2) eta Esa (-4).
Iragarpena
Tenperatura hotzagatik eta izotzagatik EAEn ezarritako abisu horia asteburu osoan zehar izango da indarrean. Gaur, larunbata, giro eguzkitsua izango dugu, baina hotz egingo du. Zerua hodei gutxirekin egongo da, gauean goi-hodei batzuekin. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, nahiko suabe. Lehenengo orduetako hotzaren eta izotzaren ondoren, giroa pixkanaka goxatzen joango da, eta tenperatura maximoak atzokoak baino 2-3 ºC altuagoak izango dira.
Bihar, igandea, tenperaturak gora egingo du. Giro eguzkitsua izango dugu. Arratsaldean eta gauean, erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugaritu egingo dira. Hegoaldeko haizea ibiliko da, eta harrotu egingo da gauean, bolada gogorrekin haizeguneetan. Tenperatura maximoak igo egingo dira, bereziki isurialde atlantikoan. Tenperatura minimoak hotzak izango dira, eta barnealdean izotza egingo du, bereziki Araban eta Nafarroan.
Trafikoa
Trafikoari dagokionez, Euskadiko mendate guztiak zabalik daude, baina azken orduetako izotza dela eta, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 13 hauetan zuhurtziaz gidatzeko eskatu du: Aiurdin, Altube, Azazeta, Barrerilla, Bernedo, Garate, Gasteizko mendatea, Gatzaga, Herrera, Kruzeta, Opakua, Urduñako mendatea eta Zaldiaran.