Itxi

TRAFIKOA

Patinete elektriko berriek identifikazio plaka bat eta abiadura adierazlea izan beharko dute aurrerantzean

Agentziak | EITB Media

Leer en Castellano

DGTren araudi berriaren arabera, gaurtik aurrera saltzen diren patineteek homologatuta egon beharko dute. Neurriak ez ditu orain arte saldutakoak debekatuko, eta hiru urtez ibili ahalko dira homologazio barik.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaurtik aurrera saltzen diren patinete elektrikoek (ofizialki, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, MPI)  homologatuta egon beharko dute, eta hala, ezaugarri jakin batzuk bete beharko dituzte: besteak beste, identifikazio plaka bat, abiadura adierazlea eta balazta sistema bat eduki beharko dituzte. 

DGTren araudi berriak bideko segurtasuna, patineteen gidariena zein gainerako erabiltzaileena, bermatzea du helburu, baita ibilgailuen kalitate eta iraunkortasuna kontrolatzea ere. 

Orain arte saldutako patineteek ez dute homologazio probarik igaro beharko, eta hori barik ere ibili ahalko dira. Hori bai, muga ezarri dute: 2027ko urtarrilaren 22ra arte. Hiru urteren buruan, homologatutako patineteak bakarrik ibili ahalko dira. 

Zer da MPI bat? Ibilgailuen Araudi Orokorraren arabera, gurpil bat baino gehiago dituen plaza bakarreko ibilgailuak dira, motor elektrikodunak. 6-25 km/h-ko abiadura harrapa dezakete. Oreka bermatzeko sistema badute, jarlekua ere eduki lezakete. 

Zeintzuk ezaugarri bete behar dituzte? Gehienez 25 km/h-ko abiaduran joan daitezke. Unean uneko abiadura zein den adierazten duen gailua izango dute. Horrekin batera, bateria mailaren adierazlea ere eduki beharko dute. 

Independenteak diren bi balazta izango dituzte, eta bi gurpil baino gehiagoko ibilgailuen kasuan, baita aparkatzeko galga gehigarria ere. 

Ikusgarritasuna bermatzeko, aurrean, alboetan eta atzean katadioptrikoak (bereak ez diren argiak islatzeko gai den gailua) izan beharko dituzte. Balazta argiak eta atzeko argiak bereiztuta edo konbinatuta egon behar dute. Gainera, merkantziak garraiatzeko erabiltzen direnei keinulariak, atzeraispilua eta atzera-martxako argia eskatuko zaie. 

Hiru gurpildun patineteek ahuntz-hanka edo erdiko hanka izan beharko dute, lurrera jaus ez daitezen. 

Halaber, gurpil homologatuak izan beharko dituzte. 

Nola jakin gure patinetea homologatuta dagoela? Fabrikatik ezarritako ziurtagiria izan beharko du: bakarra, iraunkorra, irakurgarria eta ikusgai dagoena. Gehienezko abiadura, serie eta ziurtagiri zenbakiak, fabrikazio urtea, marka eta modeloa ere erakutsi beharko ditu ziurtagiri horrek. 

Orain arte homologatu dituzten marka eta modeloak DGTko webgunean daude kontsultagai. 

Bideoak (1)