ESKOLA-JAZARPENA
Nafarroako ikastoletan Lehen Hezkuntzan eskola-jazarpen kasuak % 10 jaitsi dira KiVa plana ezarri zenetik
EITB MEDIA
2016an ezarri zuten KiVa bullying kasuei aurre egiteko programa finlandiarra Foru Gobernuko 15 ikastoletan. Prebentzioan begirada jarrita, ikasleen jarreretan eragitea da helburua.
Eskola-jazarpen kasuak ia hamar puntu jeitsi dira, % 16tik % 6ra, Nafarroako ikastoletako Lehen Hezkuntzako ikasleen artean, orain zazpi urte Finlandiako Turku Unibertsitatearen KiVa programa ezarri zutenetik. Bullying kasuei aurre egitea da plan horren helburua, eta Foru Gobernuko 15 ikastoletan dago martxan 2016tik.
Gaur, programaren emaitzen berri eman dute, Iruñean egin duten agerraldi batean, Josu Reparaz eta Janire Gracia Nafarroako Ikastolen Federazioko zuzendariak eta arduradun pedagogikoak, hurrenez hurren. Pozik agertu dira ondorioekin, baina aitortu dute lortu nahi duten helburutik oraindik urrun daudela. "Nafarroako ikastolen helburua jazarpenik ez egotea da".
Prebentzioan begirada jarrita, ikasleen jarrerak aldaraztea bilatzen du KiVa planak. Zazpi urteren buruan, % 10 egin du behera jazarpena jasaten dutenen kopurua eta % 7 bullying kasuak eragiten dituztena. Turkuko Unibertsiteak egin du programaren jarraipena, eta bertako adituek atera dituzte ondorioak.
Orotara, 4.254 ikasle eta 739 irakasle ari dira programan parte hartzen. Graciaren arabera, hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzea ezinbestekoa da. Esan duenez, "froga ziurretan oinarrituta dago programa, hau da, zientifikoki frogatu da KiVaren eraginkortasuna". Bullying kasuak agertzen direnerako, esku hartze eredu bat ere eskaintzen du planak.
Bigarren Hezkuntzako zentroetan, berriz, 2019an ezarri zuten programa, eta orain arte bildutako datuen arabera, eragin txikiagoa izan du.
Besteak beste, KiVak jazarpen kasuei aurre egiteko tresnak eta materiala eskaintzen dizkie eskolei, eta bi astez behin tutoretza orduan lantzen da material guztia modu ludikoan.