Drogak
Gazteen artean gas barre-eragilearen kontsumoak gora egin duela ohartarazi du Ertzaintzak
EITB
Ertzaintzak hiru ikerketa abiatu ditu, oxido nitrosoaren salmentarekin lotuta, EITBk jakin ahal izan duenez. Boladan ei dagoen droga mota da.
Ertzaintzak azken hilabeteetan ikusi du oxido nitrosoaren kontsumoak gora egin duela, "barre-gasa" deiturikoa, aisialdiarekin lotuta, EITBk jakin ahal izan azaldu duenez.
Substantzia horren erabilera baimenduta dago bai elikagaien industrian, bai aeroespazialean, eta baita ospitale-erabilerako sendagai gisa ere, medikuaren aginduz.
Hala ere, gero eta gehiago hautematen da aisialdiko eremuetan, non modu ludikoan erabiltzen den, eta horrek erreakzio desberdinak eragin ditzake kontsumitzen duen pertsonaren organismoan, hala nola haluzinazioak, desorientazioa edo konortea galtzea.
Datu horien larritasuna dela eta, Gasteizko ertzain-etxeak bere salerosketan jarri du arreta, osasun publikoaren aurkako delitua baita.
Orain arte, horrelako hiru delituren inguruko hiru ikerketa abiatu dituzte Arabako hiriburuan, bai gaueko aisialdirako lokalen barruan, bai bide publikoan. Arrazoi horrengatik lau pertsona ikertzen ari dira.
Salmenta eta kontsumoa hain txertatuta egongo litzateke ingurune horietan, non legezko beste substantzia (tabakoa, esaterako) batzuen kontsumoarekin batera eskainiko bailitzateke, baina droga-trafikoko delitu bat izango litzateke.
Ondorioak eta arriskuak
Oro har, zilarrezko pote txikietan saltzen da eta inhalatu egiten da. Modu desberdinean eragiten du, arnastutako kantitatearen, kontsumitzailearen pisuaren eta osasun-egoeraren, tolerantzia-mailaren eta beste substantzia edo medikamentu batzuekiko elkarreraginaren arabera.
Gas barre-eragilearen berehalako efektuak honako hauek dira: euforia, gorputza sorgortzea, sedazio-sentsazioa, zorabioak, kontrolik gabeko barreak, deskoordinazioa, ikusmen lausoa, nahastea, ahulezia eta nekea. Kasurik larrienetan bat-bateko heriotza ere gerta liteke.
Gehiegi hartuz gero, arriskuak izugarriak dira. Gasaren efektuak presio arteriala galtzea ekar dezake, eta horrek zorabioa eta miokardio-infartua eragin ditzake, edo hipoxia, oxigeno faltagatik.
Gainera, kontsumo luzeak albo-ondorioak ekar ditzake, hala nola oroimenaren galera, B12 bitaminaren defizita, belarrietan burrunbak, gorputz-adarren lausotzea, espasmoak, depresioa, sistema immunologikoaren ahultzea, psikosia edo mendekotasun psikologikoa.