Gipuzkoa
47 urteko gizon bat hil da Zumaia eta Getaria artean, bere ontzia irauli ostean
EITB MEDIA
Arrantza ontzian zihoazen beste bi gizonak, 37 eta 43 urtekoak, arroken artetik erreskatatu dituzte Orroagako hondartzaren parean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
47 urteko gizon baten gorpua atzeman dute bart uretan, Zumaia eta Getaria (Gipuzkoa) artean, bere ontziak istripua izan eta irauli ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean jakinarazi duenez. Ontzian zihoazen beste bi gizonak, 37 eta 43 urtekoak, Orroagako hondartzako arroken artetik erreskatatu dituzte hipotermia zantzuekin.
Larrialdi zerbitzuek 21:20 aldera jazo dute gertakariaren berri. 112 telefonora deitu duen pertsona baten jakinarazi duenez, uretatik oihuak entzun eta argiak ikusten ziren laguntza eske, N-634 errepidetik gertu, Orroaga parean (Zumaitik gertu, baina Getariako lurretan).
Abisua jasota, bertara joan dira Gipuzkoako suhiltzaileen urpekariak, Gurutze Gorriko eta Itsas Salbamenduko kideak eta Ertzaintzaren itsas erreskaterako unitatea.
Argitu gabeko arrazoiak tarteko, zortzi metro luzeko arrantza ontzia irauli egin da, eta bertan zihoazen hiru lagunak itsasora jausi. Horietako bat uretan desagertu da. Suhiltzaileek beste biak erreskatatu dituzte haitzen artean, hotzak eta nekeak jota.
23:00ak pasatxo zirenean topatu dute hirugarren gizonaren hilotza, Orroagako harkaitzen artean. Medikuek haren heriotza baieztatu baino ezin dute egin.
Gizona topatzeko lanek iraun duten artean N-634 errepidea itxita egon da.
Ertzaintza zer gertatu den ikertzen ari da. Ontzia 07:30ean atera zen itsasora.