Mugikortasuna
Bizkaibusek debekatu egingo du ostegunetik aurrera patinete elektrikoak autobusetara sartzea
EITB Media
Horrela, Bizkaibusek bat egiten du beste garraio publiko batzuekin, hala nola Renfe, Euskotren eta Metro Bilbaorekin, horiek ere patineteekin sartzea eragotzi baitute.
Bizkaibusek autobusetan patinete elektrikoak sartzea debekatzea erabaki du "segurtasun arrazoiengatik" otsailaren 1etik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo Arloak ohar batean jakinarazi duenez.
Azken hilabeteetan, "hainbat gorabehera" gertatu dira beste garraio publiko batzuetan, "hainbat eragin" izan dituztenak garraio-zerbitzua emateko orduan, eta horrek ekarri du autobus guztietara patinete elektrikoak sartzeko debekua, erantsi dutenez.
Horiek horrela, Bizkaibusen ustez, autobusetan patinete eta monoziklo elektrikoak garraiatzea "arriskutsua da" erabiltzaileentzat eta ibilgailuentzat, eta, gainera, Bizkaibusen Zerbitzuen Eskuliburua urra daiteke, beren-beregi debekatzen baita bertan "ibilgailuetan lehergailuak, materia sukoiak, korrosiboak, erradioaktiboak, pozoitsuak, toxikoak edo kutsagarriak sartzea".
Bizkaibusek bat egiten du, horrela, mugikortasun pertsonaleko ibilgailu mota horiekin sartzea debekatzea erabaki duten beste garraio-sistema publiko batzuekin, hala nola Renfe, Euskotren, Metro Bilbao, Metro Madrid, Madrilgo EMT eta hiriartekoak, edo Palmako EMT.
Debeku horretatik kanpo geratzen dira, nolanahi ere, mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak (gurpil-aulkiak, etab.), bizikleta elektrikoak eta bateria elektrikorik ez duten patineteak.