Itxi

2024-2025eko aurrematrikula

2 eta 3 urteko ikasleek plaza lortuko dute anai-arrebek ikasten duten ikastetxean

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Ikastetxe bakarra duten udalerri edo eragin-eremuetan bizi diren eskatzaileek ere eskuratuko dute plaza, ikastetxe bakar horretarako eskabidea aurkezten badute.

Haur Hezkuntzako ikasleak. Artxiboko argazkia: EFE.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordearekin batera, 2024-25 ikasturterako aurrematrikula prozesua eta kanpaina aurkeztu ditu gaur goizean. Datorren ikasturterako onarpen prozesurako eskaerak aurkezteko epea otsailaren 7an irekiko da. Onarpen-prozesuaren berrikuntza nagusietako bat anai-arrebek ikasten duten ikastetxe berean plaza lortzea da.

Aurkezpena Barakaldoko Gurutzeta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean egin da, bertan filmatu baita ikastetxe publiko horretako ikasle talde bat protagonista duen aurtengo iragarkia.

2024-2025 ikasturterako onarpen-prozesuak jarraipena ematen die, Hezkuntza Sailetik jakinarazi dutenez, iaz sartutako berrikuntza eta neurriei, ikasleen eskolatze orekatuagoa sustatzeko helburuarekin.

Gizarte eta hezkuntza ikuspegietatik hezkuntza-sistema orekatzearen alde egiten duten neurriak dira, eta inklusibotasun-irizpide nabarmena dutenak. Ezartzeko prozesu progresiboa denez, aurten 3 urteko geletarako onarpenera ere hedatu dira neurriok (iaz 2 urteko geletarako aplikatu ziren).

Berritasunak

2024-2025 ikasturteari begira, onarpen-prozesuak berrikuntza aipagarri batzuk dakartza. Horietako bat da plaza lortuko dutela hasierako maila eskatzen duten haurrek (2 urteko gela, edo, halakorik ezean, 3 urteko gela) anai-arreba bizikide batek matrikula duen ikastetxean. Ikastetxe bakarra duten udalerri edo eragin-eremuetan bizi diren eskatzaileek ere eskuratuko dute plaza, ikastetxe bakar horretarako eskabidea aurkezten badute.

Beste berritasun bat ikastetxe bereko sarrera-mailan bi neba-arrebak edo gehiagok egindako aldi bereko eskaerei buruzkoa da. Kasu horietan, baremoak 6,5 puntu ematen dizkio neba-arreba horietako bakoitzari. Berritasun honek neba-arreba bikien kasuei eragiten die, batez ere.

Indarrean dauden neurriak

Joan den ikasturtean abian jarritako neurriek indarrean jarraitzen dute onarpen-prozesuan ere. Honako hauek dira esanguratsuenak:

Plazak erreserbatzea: diru publikoarekin sostengatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute Hezkuntza Sailak zehaztutako plaza kopurua, ikasle zaurgarriak eskolatzeko. Aniztasunaren eta zaurgarritasunaren banaketa orekatua bilatzen du neurri honek, ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo beste mota batekoengatik segregatzea saihesteko.

Zaurgarritasun Indizea ezartzea. Eskaerak aurkezterakoan familiek betetzen duten inkesta aintzat hartuta, ikasleen ze portzentaje hartuko den zaurgarritzat definituko da.   Bildutako informazioarekin definituko da zein ikasle hartuko diren zaurgarritzat. Era honetan, zona bakoitzerako Zaurgarritasun Indize erreferentziala zehazten da, ikastetxe bakoitzean ikasle zaurgarrientzat erreserbatu beharreko plaza kopuruarekin batera. Helburua: eragin-eremu bateko ikastetxe guztiak eremu horretako zaurgarritasun indizera hurbiltzea.

Ikastetxe kopuru mugagabea eskaera bakoitzeko. Familia bakoitzak bere eragin-eremuko ikastetxe guztiak hautatu ditzake seme-alabak eskolatzeko, edo beste eremu batzuetakoak, mugakideak izan edo ez, kopuru-mugarik gabe, egokitzat jotzen dituzten hezkuntza-baldintzak betetzen dituztenen artean. Beren interesen araberako hurrenkeran lehenetsiko dituzte. Onarpen-prozesua ikasle bakoitzari familiak lehenetsitako ikastetxea eskaintzen saiatzen da da, eta hautatutakoetan eskolatzeko aukerarik ez balego bakarrik eskainiko litzateke beste ikastetxe bat, markatutako ezaugarriak izango lituzkeena eta ikaslearen bizilekutik hurbil legokeena. Horregatik, oso garrantzitsua da familiek ahalik eta ikastetxe gehien hautatzea, dagokien ikastetxea ahalik eta gehien egokitu dadin euren interesetara.

Hurbileko eskolatzea. Baremoko irizpideetan puntuaziorik handiena etxebizitzaren hurbiltasunagatik jaso daiteke. Puntuaziorik handiena eskuratuko da aukeratutako ikastetxea familiaren bizilekutik hurbilen dagoen ikastetxea (publiko zein itunpekoa) den kasuetan, beti ere eragin-eremuaren barruan: 7 puntu. Eremuko beste edozein ikastetxek –baina ez bizilekutik hurbilen dagoenak- 5 puntu eskuratuko ditu. Eragin-eremu berberaren barnean hurbiltasuna saritzen duen neurria da. Hurbileko eskolatzea bultzatzea da helburua.

Era berean, bizilekuaren hurbiltasunari buruzko puntuazioan beste egoera berri bat ere aurreikusi da: eskatutako ikastetxea (publikoa zein pribatu itundua) ikaslearen bizilekutik hurbilen dagoena izatea, baina ez eragin-eremuaren barnean kokatua, baizik eta eragin-eremu mugakide batean. Egoera honek 5 puntu ditu baremoan.

Aipaturiko baremo-irizpideen artean –eskaintzen diren plazak baino eskaera gehiago dituzten kasuetan aplikatzen da–, nobedade nagusia neba-arreba bikiei ematen zaien puntuazioan dago (6,5 puntu), gorago adierazi bezala.

Albisteak (1)