Araba
Alavabusek patinete elektrikoak debekatuko ditu, otsailaren 5etik aurrera
EITB MEDIA
Linea guztietan galaraziko dituzte patinete elektrikoak. Eskualdeko Garraioko zerbitzuetan ere debekatuko dituzte; Okina eta Gasteiz arteko linean eta Artziniegakoan barne.
Arabako Foru Aldundiak patinete elektrikoak debekatuko ditu, otsailaren 5etik aurrera, Alavabuseko eta Eskualdeko Garraioko linea guztietan, segurtasun arrazoiak tarteko.
Ibilgailu horien bateriekin gertatutako leherketek kalte material larriak eragin dituzte azkenaldian zenbait ibilgailutan, eta horrek eragina izan du, baita, garraio publikoaren zerbitzuan. Gainera, kea arnastuta, ospitalera eraman dituzte hainbat lagun.
Horrek guztiak eztabaida piztu du garraio agintarien artean, autobusetan, trenetan zein metroan patinete elektrikoen debekua ezartzeraino. Metro Bilbaok eta Euskotrenek aspaldi hartu zuten erabakia, azterketa sakon baten ostean.
Ildo beretik, Bizkaiko Foru Aldundiak oraintsu onartu du Bilbobus eta Bizkaibus enpresetako autobusetan patineteak debekatzea.