aldez aurreko borondateak
Aldaketak aldez aurreko borondateen dekretuan: Baliabide eta pertsona gehiago prozesua arintzeko
eitb media
Aurretiazko borondateen 50.000 dokumentu daude erregistratuta Euskadin. Azken urtean % 40 egin du gora sinatutako dokumentu kopuruak; 9.000 izen-emate, guztira.
Aldez Aurreko Borondateen Euskal Erregistroa arautzen duen dekretua aldatzea adostu du Gobernu Kontseiluak, eskaera kopuruaren igoerari erantzute aldera, eta epeak arintzeko asmoz. Guztira, aurretiazko borondateen 50.000 dokumentu daude erregistratuta Euskadin. Azken urtean % 40 egin du gora sinatutako dokumentu kopuruak; 9.000 izen-emate, urtebetean.
Zer aldaketa ekarriko ditu?
- Osasun sare publikoko medikuek eta erizainek ere izango dute dokumentua erregistratzeko aukera.
- Baliabide elektronikoak erraztuko dituzte, lan horiek egin nahi dituzten sendagile eta erizainek izena emateko modua izan dezaten.
- Erizainek, gainera, Euskal Erregistrora sartzeko baimena izango dute, aldez aurreko borondateen dokumentua kontsulta ahal izateko.
- Dekretua ez da EAEko herritarrengana mugatuko, hau da, Euskal Osasun Sistemaren erabiltzaile orori eragingo dio, Euskadin bizi ala ez.
- Ordezkari izango den pertsonaren berariazko onarpena beharko du dokumentuak.
- Ordezkari izendatutako pertsona horrek ordezkaritzari uko egiteko aukera izango du.
Behin Gobernu Kontseiluan onartuta, Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte aldaketak, otsailean zehar, eta ordudanik egongo da indarrean dekretu berria.