Itxi

Tenperaturak

Urtarrila, azken hamarkadan baino ia 3 gradu beroagoa

EITB Media

Leer en Castellano

Batez besteko tenperaturak ohi baino altuagoak izan dira 2024ko lehen hilabeteko egun gehienetan. Kasu gehienetan, 5 eta 10 gradu artean igo dira neurketak.

Urtarrila, azken hamarkadan baino ia 1-3 gradu beroagoa.

Urtarrila oso hilabete beroa izan da Euskal Herrian. Batez besteko tenperaturak ohi baino altuagoak izan dira Euskalmeteko estazio esanguratsu guztietan, eta ez Iruñekoan (Aemetekoa da).

Alde horiek batez ere Gasteizen eta Arrasaten (Gipuzkoa) nabaritu dira: Hurrenez hurren, batez besteko tenperaturak azken hamarkadakoak baino 2,9 eta 2,7 gradu altuagoak izan dira.

Euskalmetentzat "esanguratsuak" diren beste estazioak Bilbon, Guardian (Araba) eta Lasarten (Gipuzkoa) daude. Horiek guztiak hartu ditugu kontuan neurketa honetan. Bizkaiko hiriburuan batez besteko tenperatura 2,1 ° C altuagoa izan da, 1,8 ° C gehiagokoa Lasarten eta 1,7 ° C altuagoa Guardian.

Egunik beroena urtarrilaren 17a izan da estazio guztietan; Lasarten izan ezik: 28an izan da. Hilaren 17an, 18,8 ºC-ko batez besteko tenperatura erregistratu da Bilbon. Erabat ohiz kanpokoa urtarrilerako.

Izan ere, egun horretan izan hil osoko alderik handienak (azken hamarkadako datuekin alderatuta). Bizkaiko hiriburuan, Arabakoan eta Gipuzkoako bi udalerrietan, tenperatura azken hamar urteetako estatistikak markatzen duenak baino 9 gradu gorago egon da.

Gainera, hilaren beste hamar egunetan (2, 3, 15, 18, 22, 23, 24, 25, 28 eta 29), termometroak ohi baino 5-10 gradu gorago egon dira. Gainerako egunak ere ez dira freskoak izan: termometroak 3-5 gradu beroago egon dira.

Aldiei erreparatzen badiegu, beroa hiru momentutan nabaritu da: urtea hasi bezain laster (urtarrilaren 2tik 4ra), hilaren 14tik 18ra bitartean, eta azken astean, urtarrilaren 14tik aurrera.

Maximoek markatutako estatistika

Iruñeak azken hamar urteetan izan duen batez besteko tenperatura bera izan duen arren, tenperatura maximoetan aldea nabaritu da.

Nafarroako hiriburuan, termometroek ohiko tenperatura baino 5-10 gradu gehiago neurtu dituzte 8 egunetan: hilaren 17an eta 18an, eta 23tik 28ra bitartean.

Azken aste horretan, maximoak ohi baino askoz altuagoak izan dira. Alde handiena Guardian erregistratu da urtarrilaren 25ean: merkurioa 20,9 gradura iritsi da, hamarkadako batez bestekoa baino 11,6 gradu gorago.

Sare esanguratsuan erregistratutako tenperatura maximoak 22 gradutik gorakoak izan dira Arrasaten (22,5 ºC urtarrilaren 24an), Bilbon (22,4 ºC hilaren 28an) eta Lasarten (22,1 ºC egun berean). Urtarrilean Euskal Herriko batez besteko tenperatura maximoa 9 eta 13 gradu artekoa da.