Zirkulazioa
Bi istripuk hiru zauritu utzi eta auto-ilarak sortu dituzte Bilbon eta Zaldibarren, A-8 autobidean
EITB Media
Auto bat irauli egin da Kadaguako korridorearekiko bidegurutzearen parean. Istripuaren ondorioz pertsona bat zauritu da, eta auto-ilarak Errekalderaino iritsi dira. Beste talka batek ere zazpi kilometroko auto-ilarak sortu ditu Zaldibarren, Donostiarako noranzkoan. Bi pertsona zauritu dira bertan.
Auto bat irauli egin da 07:45 aldera A-8an, Kadaguako korridorearekiko elkargunean, Ertzaintzako iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez. Ezbeharrean bi autok eta kamioi batek talka egin dute, eta pertsona bat zauritu da.
Istripua Kantabriarako noranzkoan gertatu da, eta, ezbeharraren ondorioz, ezkerreko erreia itxi behar izan dute. Ondorioz, lau kilometroko auto-ilarak Errekalderaino iritsi dira.
Garabi bat bertaratu da iraulitako ibilgailua errepidetik kentzeko. Bidaiarietako batek zauriak izan ditu, eta Basurtuko Ospitalean artatu dute. Autoa kendu ostean, 08:50ean normaltasuna berreskuratu da trafikoan.
07:55 aldera, beste istripu bat gertatu da Zaldibarren, bi autoren eta furgoneta baten artean, A-8an, Donostiarako noranzkoan. Ondorioz, autobideko eskuineko erreia itxi behar izna dute, eta zazpi kilometroko auto-ilarak sortu dira.
Ezbeharrean, bi pertsona zauritu dira, eta Galdakaoko Ospitalera eraman behar izan dituzte. 9:10ean, ibilgailuak errepidetik kendu dituzte, eta zirkulazioak normaltasuna berreskuratu du.
¿¿¿¿ 7 km-tako #Autopilaketak #Ap8 #Zaldibar-ko #Istripua-n Irungo norantzan.
— Trafiko (@trafikoaEJGV) January 31, 2024
¿¿¿¿ Retenciones de 7 km en el accidente de Ap-8 Zaldibar sentido Irun.
011¿¿#Trafikoa pic.twitter.com/MslEpUF6FR
Ondoren, 08:10 aldera, bi ibilgailuk talka egin dute N-637 errepidean, Erandion (Bizkaia), Galdakaoko noranzkoan. Ondorioz, errei bat itxi behar izan dute. Inguru horretan ere auto-ilarak sortu dira.