OSASUNA
Maskara jartzea jada ez da derrigorrezkoa EAEko osasun zentroetan
EITB MEDIA
Bigarren astez jarraian arnas aparatuko birus kasuek behera egin ondoren hartu du erabakia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Hala ere, maskara erabiltzeko gomendioari eusten dio.
Gaurtik aurrera ez da derrigorrezkoa maskara jartzea Euskal Autonomia Erkidegoko erietxe eta osasun zentroetan sartzeko. Bigarren astez jarraian arnas aparatuko birus kasuek behera egin ondoren hartu du erabakia Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Beraz, derrigortasuna kendu eta maskara erabiltzea gomendio izatera pasatu da. Nafarroan, berriz, astelehenean kenduko da maskararen derrigortasuna.
Osasun Sailak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu duen aginduaren bidez, derrigortasun hori bertan behera gelditu da, "Osasun Ministerioak bere kabuz ezarritako derrigortasuna —Euskadik Estatuko tasarik txikienetakoa zuen arren bete behar izan duena—".
2024ko laugarren asteari dagokion arnas infekzioen inguruko azken txostenak aditzera ematen du gripearen zirkulazioak eta covid-19aren intzidentziak berriro behera egin dutela, baita Arnas Birus Sinzitialaren (ABS) detekzioak eta bronkiolitisaren diagnostikoak ere.
Arnas Infekzio Akutuaren (AIA) tasa Lehen Mailako Arretako sarean 100.000 biztanleko 516,3 kasukoa izan da aste honetan, aurreko astean 562,9 kasukoa izan eta gero. Adin-tarteen arabera, eta aurreko asteko datuekin alderatuta, tasek behera egin dute 15 urtetik gorakoen kasuan, eta gora, berriz, gainerakoetan. Hain zuzen ere, 0-4 urteko taldeak izan du tasarik handiena, 100.000 biztanleko 2.214,7 kasu.
Osakidetzaren ospitale-sarean behera egin du Arnas Infekzio Akutu larrien tasak, aurreko asteko 100.000 biztanleko 21,1 kasutik aste honetako 100.000 biztanleko 15,9 kasura. Jaitsiera adin-tarte guztietan gertatu da, eta 64 urtetik gorakoek dute oraindik tasarik handiena. Ospitaleratzeetan gripe kasu positiboen ehunekoak behera egin du berriro, % 25,9tik % 23,1era, eta COVID-19aren kasuek ere behera egin dute, % 11tik % 7,7ra. Gauza bera gertatu da Arnas Birus Sinzitialarekin, aurreko astean % 9,5ekoa izan ostean, aste honetan % 8,2koa izan baita.
Dena den, kutsatzeko arrisku handiena dagoen leku eta egoera guztietan prebentzio neurri guztiak hartzeko gomendatzen du Osasun Sailak.