Itxi

Indarkeria matxista

Urtea hasi zenetik herrian izandako eraso matxistak salatu dituzte Soraluzen

EITB Media

Leer en Castellano

Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute Plaza Berrian. Urtarrilean hiru salaketa aurkeztu dituzte beste hainbeste emakumek indarkeria matxistagatik.

Soraluzeko Udalak gogor salatu ditu urtarrilean Gipuzkoako herri horretan izandako eraso matxistak, eta horiek gaitzesteko elkarretaratzea egin du Plaza Berrian. 

Segurtasun Sailak baieztatutakoaren arabera, urtea hasi zenetik hiru salaketa aurkeztu dituzte beste hainbeste emakumek, azkena igandean. Eraso matxistetako bat kalean bertan jazo zen, Maite Quintanilla Soraluzeko alkateordeak Euskadi Irratiari esan dionez. 

Adierazpen baten bidez, Udalak "biktimei eta beraien ingurukoei" bere "laguntza eta hurbiltasuna" adierazi die, eta erreparazio prozesuan laguntzeko behar duten "informazioa eta udal baliabideak beraien eskura jartzeko lanean" daudela esan diete. Udalak berretsi du "ez duela inondik ere onartuko emakumeen giza eskubideen aurkako urraketarik", eta "gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu jokabide hauek gure gizartetik desagerrarazteko".

Horren esanetan, "indarkeria matxista egiturazko arazo baten ondorio" da, "emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuna".

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere bat egin du Udalaren deialdiarekin. Hala, Nerea Isasi foru zuzendaria elkarretaratzean izan da gaur. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.