Itxi

EGURALDIA

Uholde txikiak izan dira Bilboko hainbat auzotan eta Erandion, marea biziak tarteko

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Itsasgora 06:11n izan da, eta ondorioz, Bilboko itsasadarraren maila asko igo da, Zorrotzaurreko uharteko hainbat etxebizitza urpetuta; Olabeaga ere urak hartu du. Erandion, Obieta kalean sortu dira arazo gehien. Oria ibaiak gainezka egin du Orio eta Aia artean, N-643 errepidearen parean.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Marea biziak zeuden gaurko iragarrita, eta itsasgorak (06:11) uholde txikiak eragin ditu Bilboko hainbat auzotan, Zorrotzaurren eta Olabeagan, Erandion, Ondarroan eta Leioan (Bizkaia), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Gipuzkoan txikiagoa izan da eragina, eta urak gainezka egin du Orion eta Pasaian. 

Eusko Jaurlaritzak EAEko kostaldeko herriak ohartarazita zituen goizaldeko itsasgora "historikoa" izan zitekeelako. Hala, drainatze-sistemak eta estolderia prest izateko gomendatu zien. Itsasgora 06:11n izan da, 5,19 metroko marearekin. Dena dela, azkenean ez da hainbesterako izan. Badaezpada, Segurtasun Sailak abisu horia izan du indarrean 05:00etatik 07:00ak arte, itsasertzeko inpaktuagatik. 

Erandion, indarrez sartu da ura Obieta kalean, eta herritarrek kutxatilak zabaldu dituzte etxabeetara sar ez zedin. Gainera, ura pilatu dela eta, BI-711 errepidetik kontuz ibiltzeko gomendatu dute. Bilbon, itsasadarrak gainezka egin du Olabeagan eta Zorrotzarren. Uhartean hainbat etxebizitzatara sartu da ura. 

Leioan, Udondo auzoan arazoak sortu ditu urak, baina Ondarroako azokaren inguruan ere. 

Gipuzkoan, Oria ibaiak gainezka egin du Aia eta Orio artean, N-634 errepidearen parean. Errepidea itxita egon da tarte batez, baina zabaldu dute jada. Horrez gain, itsasoaren mailan dauden Pasai Donibaneko (Pasaia) kaleak urpetuta azaldu dira goizean. 

Uholdeak izan dira Erandion. EFE

Itsasgorak garraiobide publikoari ere eragin dio. Hondarribian (Gipuzkoa) Lurraldebuseko E22 eta E25 lineetako bi geltoki kendu dituzte goizean goiz urpetuta zeudelako. Dena dela, egoera bere onera etorri da dagoeneko. 

Abisuak haizeagatik eta itsasaldeko arriskuagatik

Gainera, 09:00etatik 15:00etara, abisu horia ezarriko dute haizeteengatik. Hego-mendebaldeko haizea goizean goiz ipar-mendebaldera aldatzea espero da, bizitik gogorrera igaroko da eta ufadek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete itsasertzeko haizeguneetan.

Ordu tarte horretan, nabigaziorako arriskuagatiko abisu horia ere ezarriko dute. Haizeak gogor joko du, eta itsaso kizkurra sortuko da. Olatuen altuera adierazgarria 2 metro ingurukoa izango da egunaren hasieran, 3 edo 3,5 metrora igoko da goizean, eta behera egingo du arratsaldean, azken orduetan 2 metro inguruan geratzeko.

Ipar Euskal Herrian, itxi egin dute otsailaren 18ra arte Hendaiatik Ziburura doan La Corniche edo Erlaitzeko bidea, eta Errobi nahiz Aturri ibaiek gainezka egiteko arriskua dagoela ohartarazi dute, Baionan gehienbat.

Donibane Lohizune eta Biarritzeko hondartzak itxita egongo dira astelehen eguerdira arte.

Bideoak (1)