EGURALDIA
Haizetearen ostean, hego haizeak giroa epelduko du ostegunera arte
EITB Media
Hego haizeak tenperaturak igoaraziko ditu, eta maximoak 20 graduren bueltan kokatuko dira kostaldean. Ostegunean haizeak ipar-mendebaldera egin eta euri pixka bat egingo du.
Azken egunetako haize bolada gogorren ostean, hego haizeak giroa epelduko du ostegunera arte behintzat, Euskalmeten eguraldi iragarpenaren arabera. Gauean antizikloia sartu da eta egonkortasuna ekarriko du gaur-biharretan.
Gaur, izotza egin du lehen orduetan barnealdeko zenbait txokotan, baina egunak aurrera egin ahala tenperatura igo eta eguzkia nagusituko da. Hego haizeak tenperaturak igoaraziko ditu, eta maximoak 20 graduren bueltan kokatuko dira kostaldean. Esaterako, 21 gradu espero dira Bilbon eta Baionan, 20 Donostian, 17 Gasteizen eta 15 Iruñean.
Asteazkenean, tenperaturak goranzko bidean jarraituko du. Haizeak hegoaldetik joko du beste behin, bezperan baino indar handiagoarekin, eta tenperaturak koska bat gora egingo du isurialde atlantikoan. Goizean giro eguzkitsua nagusituko da, eta egunaren bigarren zati erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak ugaritu egingo dira. Goizean goiz lainogune batzuk izango dira barnealdean.
Ostegunean iritsiko da aldaketa, ipar mendebaldeko haizea sartu eta euri pixka bat egingo baitu. Egunaren lehen zatian hego haizea ibiliko da eta giroa epela izango da. Arratsalde erdialdetik aurrera, haizeak ipar mendebaldera egingo du eta haizea aldatzearekin batera, hodeiak ugarituko dira eta euria modu orokorragoan eta intentsitate handiagoz egingo du.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.