Internet
Cyberzaintzak alertari eutsi dio, erakunde publikoei zibereraso gehiago egingo dizkietelakoan
Agentziak | EITB MEDIA
Erasoak otsailaren 6an hasi ziren eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari eragin zieten. Horien atzean NoName057 taldea dago.
Zibersegurtasunaren Euskal Agentziak, Cyberzaintzak, alerta-mailari eutsi dio, datozen egun edo asteetan erakunde publikoei zibereraso gehiago egingo zaizkiela aurreikusita. Izan ere, alerta aktibatu zuen joan den astean, Euskadiko sektore publikoko sei erakundek erasoak izan ondoren.
Zibereraso horiek otsailaren 6an hasi ziren, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari (garaiz gelditzea lortu zuten) eta Eusko Legebiltzarrari (webgunea zerbitzurik gabe geratu zen hainbat orduz) eragin zieten.
Dirudienez, Errusiako hacker talde batek egin zituen erasoak, eta Espainiako beste erakunde batzuetan ere eragin zituzten kalteak.
Horien atzean NoName057 taldea dago. Taldeak ekintza horiek aldarrikatu zituen Telegram mezularitza-sareko bere kanalean, eta Espainiako Zentro Kriptologiko Nazionalak eta Ertzaintzak ere berretsi zituzten, eta, Cyberzaintzak astearte honetan ziurtatu duenez, talde horren erasoak Ukraina gerran babesten duten herrialdeetara bideratuta daude.
Euskal agentziak adierazi duenez, garaiz lortu zuen talde horren jomugen zerrenda, eta mehatxatutako erakunde guztiak ohartarazi ahal izan zituen erasoak gertatu aurretik.
Igorritako abisuez gain, Cyberzaintzak eskura zuen informazio guztia partekatu zuen, informatikako eta telekomunikazioetako ekipo instituzionalek erasoaren aurkako azpiegitura indartu eta haren eragina arindu ahal izateko.