Itxi

Elkarrizketa Radio Euskadin

Melgosaren iritziz, sexu erasoen aurrean gizonek erantzun bat eman behar dute: "Batzuek dagoeneko egin dute"

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Tolosan eta Azpeitian azken egunetan izan diren erasoak hizpide, Berdintasun sailburuak esan du erasotzaileak gizonezkoak izan ohi direla, eta beraz, indarkeria matxistaren aurkako borrokan garrantzitsua dela gizonen inplikazioa.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosa

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak azpimarratu du gizonek "paper garrantzitsua" bete behar dutela indarkeria matxistaren aurkako jardunean. Horixe adierazi du Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, Tolosan eta Azpeitian azken egunetan izan diren erasoak hizpide: "Erasotzaileak gizonezkoak dira, hortaz, haiei dagokie erantzun bat ematea. Hortxe jarri beharko genuke fokua".

Oro har, gizarteak gisa horretako erasoak onartzen ez dituela iritzita, esan du erakundeek, gizarteak eta komunikabideek "mezu positiboak" zabaldu behar dituztela, garrantzitsua delako "emakumeek jai giroaz gozatzeko aukera izatea". Horregatik, arriskutsutzat jo du gure gizartean hain zabaldua dagoen "etxera bakarrik joateak beldurra ematen digu" mezua. "Emakumea ahalduntzen jarraitu behar dugu, eta horretarako, erramintak bilatu behar ditugu. Erakundeen berdintasun planetan herri bakoitzak dituen toki arriskutsuak jaso behar dira, emakumeak etxera lasai joateko aukera izan dezaten", erantsi du.

Gaia erabat aldatuta eta bihar Legebiltzarrean onartuko duten haurren legea mintzagai, Melgosak eskerrak eman nahi izan dizkio Elkarrekin Podemosi, hasieratik "dena eman" duelako. "Lege horri esker, haurrek ahotsa izango dute. Horrela, arduratsuagoak izango dira parte hartzeko orduan, eta etorkizunean herritar hobeak bilakatuko dira", azaldu du. Biharko saioan aurrera aterako den bigarren legeaz (elkartasunerako legea) esan du "migrazio prozesuak erraztu" eta "mundu hobeago bat" ekarriko duela, eta hirugarrenaren inguruan ("trans legea"), "gizartean ditugun pertsona guztiak" ikusgai bihurtuko direla, "legeak babestuta, gainera".