INDARKERIA MATXISTA
Aske utzi dituzte Galdakaon izandako sexu erasoengatik atxilotutako bi gizonak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bere aldetik, Galdakaoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du aho batez, erasoak gaitzetsi eta biktimei babesa adierazteko.
Trukean opariak jasotzen zituzten sei adin txikikori sexu erasoak egitea egotzita Galdakaon atxilotutako bi gizonak, behin-behinean, aske gelditu dira.
Ertzaintzak 37 eta 21 urteko bi gizon atxilotu zituen Galdakaon (Bizkaia), "Musikari" izeneko polizia operazioaren baitan, sexu erasoak eta intimitatearen aurkako delituak egitea leporatuta. Gutxienez sei adingaberi opariak eskaintzen zizkieten sexu harremanak izatearen truke, Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera.
Horietako bat azaroan atxilotu zuten eta, epailearen aurretik igaro ostean, biktimekiko urruntze agindua ezarri zioten.
Bigarren gizona atzo atxilotu zuten eta Bilboko guardiako epailearen aurretik aske gelditu zen. Hala ere, periodikoki epaitegian agertu beharko du.
Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta atxilotuei atzemandako material informatikoa eta gailu elektronikoak aztertzen ari dira.
Ertzaintzak uste du biktima gehiago egon daitezkeela, eta horregatik salaketak jartzeko eskatu du.
Gaitzespena
Bere aldetik, Galdakaoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen instituzionala onartu du aho batez, erasoak gaitzetsi eta biktimei babesa adierazteko. Halaber, bat egin dute herriko mugimendu feministak erasoak salatzeko deitu dituen ekimenekin, eta horietan parte hartzea deitu dituzte herritarak.
"Azpimarratu nahi dugu indarkeria horiek giza eskubideen urraketa larria direla, eta lehen mailako arazo sozial bat, indarkeria jasaten dutenen eta aurre egiten dietenen duintasunari eta osotasun fisiko eta moralari eraso egiten diena", dio agiriak.
Iñigo Hernando Galdakaoko alkateak gogoratu du Ertzaintzak ez duela baztertzen biktima gehiago egotea, eta zentzu horretan, ikerketan lagundu dezakeen informazioa poliziaren esku jartzeko eskatu du.
Ildo horretan, Udalak, Giza Eskubideen erabilera eraginkorra bermatzeko ardura duen erakunde publikoa den aldetik, neurriak bultzatzen jarraituko du, udal-erakundeek eta herritarrek, oro har, edozein erasori berehala eta irmo erantzun diezaioten, biktimei lehentasunez kasu egin diezaieten, prebentzio-jarduerak gara daitezen, herritarrei, bereziki ahulenei, indarkeriari aurre egiteko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez ahalbidetzeko tresnak emateko.
Era berean, biktimei eta haien inguruari arreta ematearen lehentasuna azpimarratu nahi dugu, eta, horregatik, hemendik, ditugun zerbitzu guztiak eskaini nahi dizkiegu. Horretarako, gizarte zerbitzuetara joan daitezkeela jakinarazten die Udalak, eta 688 830 480 telefono zenbakia ere aktibatu dela behar duten arreta eskaintzeko.