EPAIKETA
Tafallan anaia hil zuen gizonaren aurkako epaiketa hasiko da astelehen honetan
agentziak | eitb media
2022ko kasu bat da, eta herri-epaimahairen osaketarekin hasiko da prozesua. Fiskaltzak 21 urteko kartzela-zigorra eskatzen du, eta defentsak, absoluzioa.
Tafallan 2022ko ekainaren 21ean anaia hil zuen gizonaren aurkako epaiketa, herri-epaimahaia izango duena, astelehen honetan hasiko da Nafarroako Auzitegian.
Fiskaltzak 21 urteko kartzela-zigorra eskatzen du, nagusitasun larrigarriarekin, eta aitortzaren aringarriarekin. Era berean, 66.350 euroko kalte-ordaina eskatzen du gurasoentzat.
Defentsak, berriz, absoluzioa eskatzen du, segurtasun neurriekin (zentro batean sartzea). Ez du zigorraren iraupena zehaztuko onartuko diren aringarriak zeintzuk diren jakin arte. Defentsarentzat homizidioa izan zen, baina buru nahasmendua, beldur jasanezina, zoraldia eta aitortza aringarriekin.
Fiskalaren kontaketaren arabera, 2022ko ekainaren 21eko 5:10ean, auzipetuak 14 labankada eman zizkion biktimari (gehienak lepoan eta bularrean), defendatzeko aukerarik eman gabe eta ezustean.
Ahozko saioa
Epaiketaren ahozko saioa astelehen honetan hasiko da herri-epaimahaia osatuko duten bederatzi kideen eta bi ordezkoen aukeraketarekin. Iruñeko Justizia Jauregiko Epaimahai Aretoan egingo da ahozko epaiketa lau saiotan, otsailaren 22ra arte.
Hasiera batean, 23an magistratuak ebazpenaren idatzia egingo du, eta 26an herri-epaimahaiaren esku utziko du, erabakia har dezan.
Astelehen honetan, herri-epaimahaia aukeratuta, 11:30 aldera hasiko da aldeen (fiskala eta defentsa) hitzartzea. Ondoren, auzipetuak deklaratuko du.