Itxi

HERIOTZA

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua hil da

eitb media

Leer en Castellano

90 urte zituen, eta duela egun batzuk ospitaleratu zuten, iktus bat izan baitzuen. Donostiako gotzaina izan zen 2000tik 2010era, eta ETAren amaiera bilatzeko negoziazioetan parte hartu zuen. Hileta-elizkizuna astelehen honetan izango da, 17:00etan, Begoñako Basilikan.

Juan Maria Uriarte, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua hil da Basurtuko Unibertsitate Ospitalean larunbat honetan, 90 urte zituela, duela egun batzuk iktus baten ondorioz ospitaleratu ostean. Donostiako Elizabarrutiak jakinarazi duenez, ondoan izan ditu bere senide eta gertuko maiteenak.

1933ko ekainaren 7an Fruizen (Bizkaia) jaioa, Teologia eta Psikologia ikasketak egin zituen, eta Eliza katolikoaren hierarkian zenbait postutan aritu eta gero (Bilboko gotzain laguntzailea izan zen 1976-1991 aldian eta Zamorako gotzain 1991 eta 2000 artean), Donostiako gotzain izendatu zuten 2000. urtean, Jose Maria Setien ordezkatuz, eta 2009ra arte izan zuen ardura hori, Benedikto XVI.ak adinagatik uko egitea onartu zion arte.

Bere pastoral ministerio zabalean, bi arlotan egindako ahaleginengatik nabarmendu da gehien: apaizen arretagatik eta Euskal Herrian bakegintzan egindako ahaleginengatik.

Espainiako Gotzainen Biltzarrean, Kleroaren Gotzainen Batzordeko lehendakaria izan zen 1993 eta 1999 artean, eta hainbat liburu idatzi zituen, hauek tartean: Ministerio presbiteral y espiritualidad (Idatz, 2000), Ser sacerdote en la cultura actual (Sal Terrae, 2000), Una espiritualidad sacerdotal para nuestro tiempo (Sal Terrae, 2011). Seguidores y Servidores de la Palabra de Dios (Idatz), La reconciliación (Sal Terrae, 2013), El celibato (Sal Terrae, 2014) eta Sexo y género a debate (Mensajero, 2023).

Donostiako gotzain Fernando Pradok Juan Maria Uriartek berarengan izan duen eragin positiboa azpimarratu du: "Barruko bizitza eta etengabeko otoitza zaintzearen garrantzia erakutsi zidan, apaiz ororen bizitzan beharrezkoena dena. Apezpiku zela, bere gomendio bakarra izan zen denak beti maitatzea, zirkunstantzia kaltegarri guztietatik harago".

Hil-kapera Begoñako Gogarte Etxean (Bilbo) izango da biharko 17:00etatik asteleheneko 13:00ak arte. Ondoren, hileta-elizkizuna Begoñako Basilikan izango da, 17:00etan, gotzain ordenatu zen lekuan, bere azken nahietan idatzita utzi zuen bezala. Joseba Segurak gidatuko du elizkizuna, eta amaitutakoan, gorpua Fruizera eramango dute, familia-panteoian atseden har dezan.

Hurrengo egunean, otsailak 20, asteartea, elizkizun solemnea ospatuko da Donostiako Artzain Onaren Katedralean, 19:00etan, Fernando Prado Ayuso buru dela.

Ondare politikoa

Uriartek bakearen alde zuen "konpromisoa" nabarmen geratu da behin eta berriro. 1998ko su-etenean, Jose Maria Aznarrek bitartekari hautatu zuen ETAk eta Espainiako Gobernuak Suitzan 1999ko maiatzean egindako bileran. Kritika asko jaso zituen orduan, eta "distantziakide" izatea ere egotzi zioten zenbaitzuk.

Zeregin horietan jarraitu zuen, eta zerikusia izan zuen, besteak beste, su-eten iraunkorra ekarri zuten PSE-EEren eta Batasunaren arteko elkarrizketetan.

2007an, bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin hitz egin zuen Iñaki de Juana Chaos ETAko presoari zigorra arintzeko helburuarekin.

2012an, Rafa Diez Usabiaga LABeko buruzagi ohia bisitatu zuen kartzelan. Handik urtebetera, Sabino Arana Fundazioaren saria jaso zuenean, armak uzteko eskatu zion ETAri, eta Espainiako Gobernuari, "espetxe politika leuntzea, prozesua ustel ez zedin".

Radio Euskadiko "Ganbara" saioari 2022ko martxoan eman zion elkarrizketan, Uriartek adierazi zuen ETAk armak utzi zituenetik igarotako denbora ez zela nahikoa euskal gatazka bukatutzat emateko. "Belaunaldiak igaro behar dira horrelako gatazkak ixteko. Adituen ustez, 10 urte ez dira nahikoa bizitako drama gainditzeko", esan zuen. "Armak isildu dira, baina adiskidetzea armen bakea baino askoz haratago doa"; izan ere, "memoria, egia, justizia, elkarrizketa eta barkamena" eskatzen ditu.

Hainbat ordezkari politikok eta ETAren biktimak Uriarteren figura goraipatu eta aitortu dute haren heriotzaren berri izan baino ez, sare sozialetan argitaratutako mezuetan.

Albisteak (1)