Itxi

ERREAKZIOAK

Uriarteren ibilbidea aintzatetsi nahi izan dute Urkulluk, Otegik, Ortuzarrek eta ETAren zenbait biktimak

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Donostiako gotzain emeritua 90 urterekin hil da, iktus baten ondorioz ospitaleratu eta gero. Bake-prozesuaren alde urte luzez egindako lanagatik izan zen ezaguna, batez ere, erlijiosoa.

Juan Maria Uriartek Sabino Arana saria jaso zuen 2014an. Argazkia: EITB

Juan Maria Uriarte Goiricelaya Donostiako gotzain emerituaren heriotzaren berri izan ondoren, hainbat politikarik, biktimak eta Elizatik gertu dauden elkarte sozialek doluminak eman dituzte sare sozialetan zabaldutako mezuetan.

Iñigo Urkullu lehendakariak Uriarte "gizon ona" zela nabarmendu du, eta "bakea eta bizikidetza lortzeko" lan egin zuela: "Elizgizon eta pertsona ona, ona, beti gertu eta prestu behar gehien dutenei laguntzeko, gure herriaren alde egiteko, bakea eta bizikidetza lortzeko, giza eskubideak bermatzeko, gizarte justuago bat eraikitzeko... Maisua! Berak egindako ibilbidea, jarraipena emateko modukoa. Oparoa izan da bere bizitza eta bere ekarpena. Orain, bere senideei eta eliz-kideei, bere lagun eta adiskide guztiei gure doluminak eta besarkadarik estuena eta beroena. Gizon eta gotzain handia, goian bego! Otoi eta oroi!".

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaileak ere "herri honen bakerako eginiko lan nekaezina" nabarmendu du.

Besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Andoni Ortuzarrek, Juan Mari Aburtok, Maddalen Iriartek, Imanol Pradalesek, Iñigo Martinez eta Rafa Larre¡nak ere Uriarteren ibilbidea eskertu dute sare sozialetan zabaldu dituzten mezuetan.

¿ Agur eta ohore, Juan Mari Uriarte! Un hombre bueno, de paz, de reconciliación. Euskaldun 'kilómetro cero', tuvo un papel callado, pero muy eficaz, en la superación de la violencia en Euskadi. Goian bego!

¿ https://t.co/R3sZG2l1Ty pic.twitter.com/CTqqxtF9x2

ETAren biktimek ere nabarmendu dute Donostiako gotzain emerituaren papera. Josu Elespe ETAk 2001ean Lasarte-Orian hil zuen Froilan Elespe PSE-EEko zinegotziaren semeak "ETArekin kritiko eta biktimekiko sentikor izan zen Donostiako lehen gotzaina" izan zela nabarmendu du, eta Maria Jauregi ETAk 2000ko uztailean hil zuen Juan Mari Jauregi politikari sozialista eta Gipuzkoako gobernadore zibilaren alabak gogoan izan du Uriarte izan zela bere etxera joan zen "bakanetakoa".

Mercedes Gallizo Espainiako Espetxeetako zuzendari nagusi eta Espainiako Gobernuko Barne Ministerioko Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren buru izan zenak ere esan du Uriarte "bakearen alde atsedenik gabe lan egin zuen gizon ona, diskretua eta konprometitua" izan zela.

Gipuzkoako Caritasek ere bere doluminak eman ditu, Elizarekin nahiz Donostiako Elizbarrutiarekin zerikusia duten beste hainbat elkartek bezala:

Biografia

1933ko ekainaren 7an Fruizen (Bizkaia) jaioa, Teologia eta Psikologia ikasketak egin zituen, eta Eliza katolikoaren hierarkian zenbait postutan aritu eta gero, Donostiako gotzain izendatu zuten 2000. urtean. 2010era arte izan zuen ardura hori.

Urteak igaro ahala, indarra hartu zuen Uriartek bakearen alde hartutako "konpromisoak", eta 1998ko su-etenean jo zuen goia; izan ere, Jose Maria Aznarrek bitartekari hautatu zuen ETAk eta Espainiako Gobernuak Suitzan 1999ko maiatzean egindako bileran. Kritika askoren erdigunean egon zen orduan, distantziakide izatea egotzi baitzioten.

Haren itzalak, gainera, presente jarraitu zuen, besteak beste, PSE-EEren eta Batasunaren arteko elkarrizketetan —su-eten iraunkorra ekarri zuten—. 2007an, bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin hitz egin zuen Iñaki de Juana Chaos ETAko presoari zigorra arintzeko helburuarekin.

2012an, Rafa Diez Usabiaga LABeko buruzagi ohia bisitatu zuen kartzelan. Handik urtebetera, Sabino Arana Fundazioaren saria jaso zuenean, armak uzteko eskatu zion ETAri, eta Espainiako Gobernuari, "espetxe politika leuntzea, prozesua ustel ez zedin".

Alabaina, Radio Euskadiko "Ganbara" saioari 2022ko martxoan eman zion elkarrizketan, Uriartek adierazi zuen ETAk armak utzi zituenetik igarotako denbora ez zela nahikoa euskal gatazka bukatutzat emateko. "Belaunaldiak igaro behar dira horrelako gatazkak ixteko. Adituen ustez, 10 urte ez dira nahikoa bizitako drama aintzat hartzen bada", esan zuen. Horren ustez, "armak isildu egin dira, baina adiskidetzea armen bakea baino askoz haratago doa"; izan ere, "memoria, egia, justizia, elkarrizketa eta barkamena" ditu atzean.

Hileta-elizkizuna astelehen honetan izango da, 17:00etan, Bilbon, Begoñako Basilikan.

Albisteak (2)