heriotza
Azken agurra emango diote gaur Bilbon Juan Maria Uriarte gotzain emerituari
EITB MEDIA
17:00etan egingo dute hileta elizkizuna, Begoñako Andre Mariaren Basilikan. Aurrez, 15:30 arte, irekita egongo da haren hil-kapera Begoñako Gogarte Etxean. Bihar, asteartearekin, haren aldeko beste meza bat egingo dute Donostian.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Begoñako Andre Mariaren Basilikan, Bilbon, azken agurra emango diote gaur Juan Maria Uriarte gotzain emerituari. Uriarte gotzain ordenatu zen lekuan egingo dute, beraz, haren aldeko lehen meza, egungo Bilboko gotzaina den Joseba Segurak gidatuta.
Ez da, ordea, haren oroimenez egingo duten hileta elizkizun bakarra. Bihar, otsailaren 20an, Donostian, Artzain Onaren Katedralean egingo baitute haren aldeko meza, 19:00etan, Fernando Prado Ayuso Donostiako egungo gotzaina buru dela. Horrek Uriartek berarengan izan zuen eragina azpimarratu zuen atzo: "Barruko bizitza eta etengabeko otoitza zaintzearen garrantzia erakutsi zidan, apaiz ororen bizitzan beharrezkoena dena. Apezpiku zela, bere gomendio bakarra izan zen denak beti maitatzea, zirkunstantzia kaltegarri guztietatik harago".
Gaurko elizkizunak amaituta, Fruizera eramango dute gorpua, familia-panteoian atseden har dezan.
Aurrez, 15:30 arte, haren omenezko hil kapera bisitatu ahalko dute interesa dutenek. Atzo zabaldu zuten Bilboko Begoñako Gogarte Etxean, eta bertara joan ziren ehunka fededun, ordezkari politiko zein agintari. Tartean izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatea.
Uriarte "gizon leiala eta Elizari eta bere Ebanjelioari emana" izan zela nabarmendu zuen Urkulluk, eta horren guztiaren ondorioz, "bake-gizona" izan zela. "Euskal Eliza herriaren eta herritarren beharretara jarritako Eliza izatea" bultzatu zuela ere esan zuen, "arazo sozialetatik gertukoa".
Era berean, "euskal kulturaren sustatzaile gisa eta euskal kulturaren garapenean zein Euskadin bakean bizi ahal izateko Elizaren inplikazioa bultzatu zuen", nabarmendu zuen. Ildo horretan, "elkarrizketaren alde" egindako lana eta "bizikidetza normalizatu ahal izateko haziak ereiten hartutako konpromisoa" goraipatu zituen lehendakariak.
Bilboko jarduneko alkate Amaia Arregi ere ildo beretik mintzatu zen. Uriarte "oso pertsona ona" izan zela adierazi zuen, "beti besteengan pentsatzen zuena eta norbanakoei eta Euskadiri lagundu ziena".
"Herriari hobea izaten lagundu zion, garai zail haietan, bere alea jarriz. Beti geratuko zaigu bere ondarea; badugu non begiratu, eta ea zerbaitetan haren antza hartzen dugun", gaineratu zuen.
Uriarteren ibilbidea
Larunbatean hil da Juan Maria Uriarte Donostiako gotzain emeritua, Basurtuko Unibertsitate Ospitalean, 90 urterekin, senide eta gertukoak ondoan zituela.
1933ko ekainaren 7an Fruizen (Bizkaia) jaioa, Teologia eta Psikologia ikasketak egin zituen, eta Eliza katolikoaren hierarkian zenbait postutan aritu eta gero (Bilboko gotzain laguntzailea izan zen 1976 eta 1991 bitartean, eta Zamorako gotzain, 1991 eta 2000 bitartean), Donostiako gotzain izendatu zuten 2000. urtean, Jose Maria Setien ordezkatuz, eta 2009ra arte izan zuen ardura hori, Benedikto XVI.ak adinagatik uko egitea onartu zion arte.
Espainiako Gotzainen Biltzarrean, Kleroaren Gotzainen Batzordeko presidentea izan zen 1993 eta 1999 artean, eta hainbat liburu idatzi zituen, hauek tartean: Ministerio presbiteral y espiritualidad (Idatz, 2000), Ser sacerdote en la cultura actual (Sal Terrae, 2000), Una espiritualidad sacerdotal para nuestro tiempo (Sal Terrae, 2011). Seguidores y Servidores de la Palabra de Dios (Idatz), La reconciliación (Sal Terrae, 2013), El celibato (Sal Terrae, 2014) eta Sexo y género a debate (Mensajero, 2023).
Bere pastoral ministerio zabalean, bi arlotan egindako ahaleginengatik nabarmendu zen gehien: apaizen arretagatik eta Euskal Herrian bakegintzan egindako ahaleginengatik.
Uriartek bakearen alde zuen "konpromisoa" nabarmen geratu da behin eta berriro. 1998ko su-etenean, Jose Maria Aznarrek bitartekari hautatu zuen ETAk eta Espainiako Gobernuak Suitzan 1999ko maiatzean egindako bileran. Kritika asko jaso zituen orduan, eta "distantziakide" izatea ere egotzi zioten zenbaitzuk.
Zeregin horietan jarraitu zuen, eta zerikusia izan zuen, besteak beste, su-eten iraunkorra ekarri zuten PSE-EEren eta Batasunaren arteko elkarrizketetan.
2007an, bestalde, Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuarekin hitz egin zuen Iñaki de Juana Chaos ETAko presoari zigorra arintzeko helburuarekin.
2012an, Rafa Diez Usabiaga LABeko buruzagi ohia bisitatu zuen kartzelan. Handik bi urtera, Sabino Arana Fundazioaren saria jaso zuenean, armak uzteko eskatu zion ETAri, eta Espainiako Gobernuari, "espetxe politika leuntzea, prozesua ustel ez zedin".
Radio Euskadiko "Ganbara" saioari 2022ko martxoan eman zion elkarrizketan, Uriartek adierazi zuen ETAk armak utzi zituenetik igarotako denbora ez zela nahikoa euskal gatazka bukatutzat emateko. "Belaunaldiak igaro behar dira horrelako gatazkak ixteko. Adituen ustez, 10 urte ez dira nahikoa bizitako drama gainditzeko", esan zuen. "Armak isildu dira, baina adiskidetzea armen bakea baino askoz haratago doa"; izan ere, "memoria, egia, justizia, elkarrizketa eta barkamena" eskatzen ditu.
Hainbat ordezkari politikok eta ETAren biktimak Uriarteren figura goraipatu eta aitortu dute haren heriotzaren berri izan bezain pronto, sare sozialetan argitaratutako mezuetan.