Itxi

EHUNGINTZA

Moda jasangarria, goraldi betean

EITB MEDIA

Ehungintza da munduan gehien kutsatzen duen sektoreetako bat. Hasi materialen ekoizpenetik eta hondakinak deuseztatzeraino, industria horrek eragin nabarmena du ingurumenean. Gero eta marka gehiagok egiten dute moda jasangarriaren aldeko apostua. Horietako batekin izan gara.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gero eta marka gehiago dira moda jasangarriaren alde lanean dihardutenak; izan ere, Nazio Batuen Erakundearen arabera, modaren industria da planetan gehien kutsatzen duen sektoreetako bat, petrolioaren industriaren atzetik. Berotegi-efektuko gasen isurien % 10 eragiten ditu, ur kopuru handiak kontsumitzen ditu eta ehun-hondakin izugarriak pilatzen ditu.

Modaren industriak, baina, hazten jarraitzen du, hein handi batean moda azkarrak edo "Fast Fashion" delakoak eraginda, hau da, ekoizpen merkean, kontsumo etengabean eta denbora gutxi irauten duten jantzietan oinarritzen den modari esker.

Horren aurrean, NBEk praktika iraunkorragoak eta etikoagoak hartzeko eskatu dio ehungintzaren sektoreari, arropa-ekoizpen masiboa murriztea edo ingurumena gehiago errespetatzen duten materialak eta ekoizpen-prozesuak erabiltzea kasu. Kontsumitzaileei, berriz, dei egin die arropa gutxiago erosteko eta marka iraunkorragoak aukeratzeko.

"Jasangarria izateko era asko daude, materialaz haratago"

Kostu txikia duten jantziak lehenesten diren mundu honetan ez da lan makala marka jasangarriak sortzea. Baina gero eta negozio gehiago ari dira horretan lanean.  Natalia Mora Gil Natalietta markaren sortzaileak azaldu duenez, jasangarritasunaren alorrean marka txikiak handien aurretik doaz. "Ez da soilik materialen kontua. Hemen ekoitzitako produktuak, bertan egindakoak, beti jasangarriagoak dira", ziurtatu du.

EITB MEDIA

Irailean 10 urte egingo ditu Nataliettak Zumarragako Legazpi kalean ateak zabaldu zituela, baina, urte batzuren buruan iritsi zen jasangarritasunaren kontu hori dendara. "Konturatu nintzen bazegoela zerbait modaren inguruan gustatzen ez zitzaidana. Saltoki eta marka handiek arropa erabili eta botatzen irakatsi digute, produktuari inolako baliorik eman gabe", aitortu du.

Fikzioan hainbat lan egin ondotik konturatu zen "arropa komunikatzeko modu bat dela". Hala, arropa ulertzeko modua erabat aldatu zuen. "Modak norbera ondo sentitzeko tresna izan behar du, eta horretarako beharrezkoa da erosten eta kontsumitzen jakitea", azpimarratu du. Hala, adierazi duenez, jasangarritasuna etxetik hasten da: "Jasangarritasuna gure armairutik hasten da, daukaguna erabiltzen, zaintzen, eta sartzen den arropa berria zentzuz erosten", adierazi du.

Testuinguru horretan kontsumitzerako orduan zentzuz eta erantzukizunez jokatu behar dela iritzi dio Mora Gilek, eta bezeroak lagundu eta bideratze aldera, Nataliettan ikastaroak antolatzen dituztela kontatu du. Aitortu du, baina, gero eta modu kontzienteagoan kontsumitzen dela.

 

Bideoak (1)