ingurumena
Ulysses, Bizkaiko Golkoan 1.000 gailu zabalduz mikroplastikoei aurre egingo dien proiektu aitzindaria
EITB MEDIA
Euskal itsasertzaren osasuna hobetzeko eta plastikoak ozeanoetara iristeak sortzen dituen ondorioei zientziaren bidez erantzun bat emateko proiktua da. Besteak beste Nerbioi, Deba eta Zadorra ibaien tarteetan urgaineko zaborra monitorizatzeko bideo-kamerak erabiliko dira.
Plastikoak gure uretan duen arazo larriari aurre egiteko asmoz, Ulysses Data For Science proiektu zientifikoa aurkeztu dute asteazken honetan Donostiako Aquariumean, zaborrek eragindako kutsadurari buruzko datuak biltzea helburu duen proiektua.
Itsas zaborren jitoaren monitorizazioa indartzeko eta zientziaren bidez euskal itsasertza hobetzeko helburua du ekimenak, eta, horretarako, besteak beste, 1.000 gailu baino gehiago zabalduko dituzte martxotik aurrera Bizkaiko Golkoan. Nerbioi, Deba eta Zadorra ibaien tarteetan urgaineko zaborra monitorizatzeko bideo-kamera edo GPSdun gailu modular txikiak edo sensore aurreratuz hornitutako ontziak.
Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duen proiektu zientifiko aintzindari honek AZTIko teknologia-adituen eta Elecnor Deimos enpresa aeroespazialaren laguntza du. Proiektuak 2020an eman zituen lehen urratsak eta, orain, martxoan, fase berri bati ekingo dio.
AZTIko zuzendari Nagusiak, Rogelio Pozok nabarmendu duenez, pertsona bakoitzak batez beste kilo erdi plastiko sortzen ditu urtean, eta, horren aurrean uste du teknologiek funtsezko zeregina dutela itsasoko zaborra arintzen eta eraginkortasunez kudeatzen laguntzeko. "
Jorge Ballester Data For Science Fundazioko zuzendariak, berriz, esan du, zientziaren bidez, gure ozeanoak zaintzeko ekintza eraginkorrak sustatuko dituen ezagutza sortzeak berebiziko garrantzia duela. Irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatu honen bidez gauzatuko da proiektua datozen hiru urteetan.
Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak eman dio amaiera aurkezpen ekitaldiari eta, besteak beste, esan du proiektu honek euskal itsasertzaren osasuna hobetzeko helburua duela eta, horretarako, beharrezkoa dela enpresa ezberdinen arteko lankidetza, "diziplina anitzeko ikerketa, teknologia jasangarriak garatzea, ingurumenarekin adiskidetsuak diren praktikak ezartzea eta politika eraginkorrak sustatzea bultatzeko".
Lortutako datuekin deriba-mapak egingo dira, eta zabor horiek pilatzen diren gune kritikoak identifikatuko dira. Gainera, ingurumen-kontzientzia eta ingurumena babesteko kompromisoa sustatu nahi da. Proiektu aintzindaria da, tokikoa, baina mugimendu bihurtu nahi du, bere ekimenak beste herrialde eta kontinente batzuetara zabalduz.