Itxi

Eguraldia

Fronte hotz batek zaparradak eta hotza ekarriko dizkigu eguerditik aurrera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Goizean, haize zakarra tarteko, abisu horia dago indarrean, 100 km/h-rako ufadak espero baitira. Egunaren bigarren partean, goitik behera aldatuko da giroa: haizeak ipar-mendebaldera egingo du, euritara joko du eta termometroak 10 °C-tik behera kokatuko dira. Bihar elurra espero da 800 metroan.

Euria. EFE

Eguerditik aurrera, fronte hotz batek bete-betean harrapatuko du Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE), eta ondorioz, atzean utziko dugu azken egunotan izan dugun giro antiziklonikoa. Zaparradak, tenperaturen jaitsiera nabarmena, eta elurra espero dira 1.000 metrotik behera. 

Hegoaldeko haizea dabil eta epel antzera abiatu dugu eguna (17 ºC kostaldean). Ufada gogorrak espero direla eta, 06:00etatik 15:00etara abisu horia dago indarrean. Haizeguneetan 100 km/h-ko abiadura hartuko dute, eta toki babestuagoetan, 60-80 km/h-koak. Arratsaldeko lehenengo orduan mendebal/ipar-ekialdera egingo du haizeak. 

Gainera, 15:00etatik 00:00etara itsas arriskuagatik ezarriko dute abisu horia. Iragarpenaren arabera, 3,5 metro inguruko olatuak egongo dira goizean, eta 4 metrorainokoak arratsaldean.

Fronteak eguraldia petralduko du eguerditik aldera. Haizearen norabidea aldatuta, mendebaldetik ekialdera sartuko da frontea. Hodeiak ugaritu egingo dira eta zerua estalita geratuko da; arratsaldea euritsua izango da. Ekaitzak ere jo dezake, txingorrarekin. 

Bihar, elurragatik abisua

Ostiralean neguko eguraldia izango dugu, aspaldiko partez. Tenperatura asko jaitsiko da eta elur-kota 800 metro inguruan egongo da. Zerua hodeitsu egongo da, eta zaparradak botako ditu, sarriago eta indar handiagoz egunaren bigarren partean eta Kantauri isurialdean. Egunaren lehenengo partean barnealdean prezipitazioa oso urria izango da. Ekaitzak jo dezake, txingorrarekin batera. Mendebaldeko haizea ibiliko da, kostaldean eta Ebro ibarrean indartsua izango da.

00:00etatik larunbateko 00:00etara, 1.000 metrotik behera zurituko du. Hori dela eta, abisu horipean egongo da Euskadi egun osoan. Lehenengo orduetarako euri gutxi eta mardula espero da, nahiz eta kostaldean maizago prezipitatuko duen. Egunaren bigarren zatian, euri gehiago egingo du, eta ekaitz eta txingor arriskua ere egongo da. Araban, goiz partean ez du euririk egingo.

Ostiralean, baita, itsas arriskuagatik egongo da indarrean abisu horia, 00:00etatik gauerdiraino, 5 metrorainoko olatuak egongo direla aurreikusi baitute.