Itxi

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

Bizkaiko Aldundiak gogoratu du adin txikiko migratzaileak babestea "betebeharra" dela, "ez aukera bat"

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Sopuertan zabaldu asmo duten adin txikoentzako zentroaren kontra kalera protestan atera diren herritarrei erantzun die gaur Aldundiko eledunak. Mezu bat igorri die: "Bizkaia herri solidarioa izan da eta izango da".

Protesta en Sopuerta en contra del centro de acogida que la Diputación pretende abrir.

Azken asteetan "nabarmen" hazi da Bizkaira iritsitako lagundu gabeko adin txikiko atzerritarren kopurua, eta horrek harrera zentroen sarea "tenkatu" du. Egoerari irtenbidea eman asmoz, "ezohiko neurriak" hartu behar izan ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta horien artean dago Sopuertan zabalduko duten egoitza.

Azalpenok Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Aldundiko eledunak eman ditu, Gobernu Bileraren osteko agerraldian, eta modu horretan erantzun nahi izan die azken egunotan Sopuertan kalera protestan atera diren bizilagunei. Manifestazioa egin zuten igandean herrian, egoitza berriaren irekiaren aurkako jarrera adierazteko. 

Foru bozeramaileak ziurtatu du Aldundia harremanetan jarri dela jada Sopuertako Udalarekin, "modu koordinatuan" jokatzeko eta "informazio oro partekatzeko". Herritarrek  ere urrats guztien berri izango dutela gaineratu du, eta ondorengo mezua nabarmendu nahi izan du: "ume hauek babestea Aldundiaren betebeharra da legez, ez da aukera bat. Bizkaia herri solidarioa izan da eta izango da". Jarrera "tolerantea" eta "solidarioa" izan dezatela eskatu die bizkaitarrei.

Iazko azaroan, adingabeentzako beste egoitza bat ireki zuen Aldundiak Ondarroan. Zornotzako egoitzako zenbait gazte eraman zituzten bertara, integrazio programa batean parte hartzeko.