Alerta laranja euriagatik
Uholdeengatiko larrialdi planak indarrean dira EAEn eta Nafarroan
eitb media
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Uholde Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezia aktibatu du alerta fasean eta Nafarroako Gobernuak Uholdeengatiko Larrialdi Plan Berezia, Larrialdi Aurreko Fasean. Elurra zirkulazio arazoak sortzen ari da, gainera, Araban.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Prezipitazio handiak direla eta, alerta laranja aktibatu zuen astelehenean Eusko Jaurlaritzak, astearteko 12:00ak arte, eta 21:00ak pasatxo zirenean, Uholde Arriskuagatiko Larrialdi Plan Berezia aktibatzea erabaki zuen, alerta fasean, ibaien egungo egoera eta datozen orduetarako espero den ur aurreikuspenak kontuan hartuta.
Egoerak okerrera egiten badu larrialdi egoera sortu daitekeen kasuetan aktibatzen da alerta fasea. Hala, abisupean jartzen da Aholku Batzorde bat, momenturen batean larrialdi fasera igaro behar bada. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta balizko uholdeen eragina jasan dezaketen udalerrietako alkateek osatzen dute Aholku Batzordea.
Larrialdi zein babes zibileko zerbitzuei (Ertzaintza, suhiltzaileak, udaltzainak, boluntarioen elkarteak, etab.) ohartarazi diete uholdeak izan daitezkeela, era berean.
Gauzak horrela, URA Uraren Euskal Agentziako teknikariek, Euskalmet Meterorologiaren Euskal Agentziakoek eta Foru Aldundikoek zaintzapean dituzte ibai arro arriskutsuenak.
Euri-jasa gogorren aurreikuspenak
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 24 orduan metro koadroko 80 litro bota ditzakeela aurreikusi du, bereziki ipar isurialdean. Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean 40 eta 80 litro artean eroriko omen dira, Arabako lautadan 40-60 litro, eta 20-40 litro Arabar Errioxan (lurralde horretan ez da abisurik indarrean). Oraingoz, Balmasedan (48), Berastegin (45) eta Mallabian (44) pilatu da euri kopuru handiena.
Astelehen arratsaldean ez da gorabehera nabarmenik izan, eta ibaien inguruan dago jarrita arreta. Ez dute gainezka egin modu aipagarrian, baina gero eta ur gehiago darama, adibidez, itsasadarrak Erandio parean edo Oriak Alegian.
Alegia. Argazkia: Javier Landa
Getxon, alerta laranjaren aurrean krisi-mahaia deitu dute, eta, ohar baten bidez, Bizkaiko udalak herritarrei gomendatu die aire zabaleko jarduerak egitea saihestea, hala nola mendira joan edo uretako jarduerak egitea, muinoetako goiko aldeetara ez joatea eta zuhaitz bakartien edo eraikin ezegonkorren azpian babesik ez hartzea. Gainera, adarrak, kartelak edo hormak zaintzeko deia egin du, baita urak eraman ditzakeen objektuak kentzeko ere, batez ere kutsadurak eragin ditzaketen produktu arriskutsuak.
Abisu horia elurragatik
Halaber, abisu horia ezarrita dago elurragatik asteleheneko 18:00etatik astearteko 12:00etara, 1.000 metrotik beherako elur-arriskuagatik. Elur-kota baxuagoa izango da Araban goizaldean eta goizean, eta 700-800 metroan kokatuko da, batez ere Arabako ekialdean.
22:00etan itxita zeuden Herrera eta Bernedo mendateak eta kontuz gidatu beharra zegoen Azazetan, Opakuan eta Orduñan.
Haize gogorra
Halaber, abisu horia ezarri dute haizeagatik asteleheneko 15:00etatik astearteko 15:00etara. Haizeguneetan, ipar-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendi inguruetan eta itsasertzaren mendebaldean. Matxitxakon, esate baterako, 117 km/h-ko ufadak neurtu dituzte. Haizeguneak ez diren lekuetan,60-80 km/h-koak izan daitezke haize-boladak, batez ere Araban.
Hain zuzen ere, haize ufada gogorrak direla eta, 16:15ean Frankfurtetik zetorren hegaldia Madrilera desbideratu behar izan dute, eta, ondorioz, 17:15ean Frankfurtera zihoan hegaldia bertan behera utzi behar izan dute. Helduera eta irteeretan ere atzerapen ugari izaten ari dira.
Itsasoan
Euriaz eta elurraz gain, itsasoari ere begiratu beharko zaio, abisu horia ezarri baitute itsasaldeko arriskuagatik (gaurko 18:00etatik aurrera), eta alerta laranja (18:00etatik astearteko 09:00etara) 4,5 eta 5 metro arteko olatuengatik. Astearteko 09:00etatik 15:00etara, alerta hori abisu horira jaitsiko da nabigaziorako, eta olatuen altuera adierazgarria goizean 3.5 metrora jaitsiko da.
Era berean, abisu horia ezarri dute zipriztinengatik (18:00etatik 09:00etara), eta beste bat olatuek kostaldean inpaktua izateko arriskuagatik (17:00etatik 15:00etara), 4.5-5 metroko olatuak espero baitira.
Uholdeengatiko Larrialdi Plan Berezia aktibatu dute Nafarroan, aurrelarrialdi fasean
Bestalde, Nafarroako Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak Foru Erkidegoko Uholdeengatiko Larrialdietarako Plan Berezia aktibatu zuen astelehen eguerdian, Larrialdi Aurreko fasean, euri-jasa handiak espero zirelako.
AEMETen kalkuluen arabera, metro koadroko aurreikusitako prezipitazio-balioak 100-120 litrotik gorakoak izan daitezke eta uholdeak eragin ditzakete Arakil, Larraun, Ultzama eta Arga ibaietan. 150eko kopurua ere gainditu dezake uneren batean.
Iruñeko Udaltzaingoak ibilgailuak lur gaineko aparkalekuetatik eta garajeetatik ateratzeko eskatu du urak har ditzakeen eremuetan: Igeriketa Klubean, Txantrea ibaitik hurbilen dagoen eremuan, Aranzadin, Corralilloseko aparkalekuan eta Arrotxapean.
Bestalde, Pirinioetan alerta laranja jarri dute elurteengatik, elur-kota 1.100 metroan kokatuta, 30 zentimetroko elur geruza pilatuko baita 24 orduren buruan. Elurra dela-eta, itxita daude, bi norabideetan, NA-137 errepidea Izaban, NA-2011a Zaraitzun eta NA-2012 Otsagabian.
Nafarroako Gobernuak dei egin du Foru Erkidegoko iparraldeko errepideetan, bereziki Pirinioetako haranetan, datozen orduetan kontuz ibiltzeko, elurragatik.
Iragarpena
Egun euritsua asteartean ere. Euria etengabe eta erruz egingo du, batez ere egunaren lehen partean. Litekeena da arratsaldean euria gutxituz joatea. Ipar-mendebaldeko haizeak enbarazu egingo du eta elur-kota goizaldean eta goizean goiz 800-1.000 metro inguruan egongo da, gero pixkanaka igo egingo da, eta arratsaldean 1.000 metrotik gora kokatuko da. Negu giroko tenperaturekin jarraituko dugu.
Asteazkenean euri kontuekin jarraituko dugu. Alabaina, zaparradak ez dira izango aurreko egunetan bezain ugariak, eta batez ere ipar isurialdean botako ditu. Elur-mailak igotzen jarraituko du, 1100-1300 metroan kokatuta. Ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, bolada gogor batzuekin kostaldean eta Ebro ibarrean. Tenperaturan ez da gorabehera handirik izango, baina baliteke apur bat igotzea.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.