NAFARROA
Lau urteko kartzela ezarri diote Iruñean bikotekideari tratu txarrak eman eta sexu erasoa egin zion gizonari
EITB MEDIA
Kartzela zigorraz gain, 41 urteko gizona ezingo da emakumearengandik 200 metrora hurbildu, 5.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio eta ezingo da zortzi urtean berarekin harremanetan jarri.
Iruñeko Zigor Arloko 5. Epaitegiak lau urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Iruñeko gizon bati, bikotekideari tratu txarrak eman eta sexu erasoa egiteagatik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak gaur zabaldutako epaiaren arabera. Epaia ez da irmoa, eta, hortaz, helegitea jar dakioke Nafarroako Auzitegian.
Kartzela zigorraz gain, 41 urteko gizona ezingo da emakumearengandik 200 metrora hurbildu, 5.000 euroko kalte ordaina eman beharko dio eta ezingo da zortzi urtean berarekin harremanetan jarri.
Epaiaren arabera, gizonak eta emakumeak bikote harremana izan zuten 2008tik 2022ko otsailaren 14ra bitartean, eta bi haur izan zituzten.
2014tik aurrera, lehen haurraren jaiotzarekin batera, zigortua "modu sistematikoan" tratu txarrak ematen hasi zen bikotekideari, eta egoera areagotu egin zen bigarren jaiotzarekin.
Halaber, "mespretxuz hitz egiten zion, erantzun txarrak eman, nazka aurpegiarekin begiratu, ezer esan gabe etxetik joaten zen eta ez zuela ezertarako balio esaten zion".
Epaiak zehazten ez duen 2018ko egun batean, zigortuak lepotik heldu zion bikotekideari, bien alabaren aurrean, eta ate baten aurka bultzatu zuen, ateko kristala hautsiz. Emakumeak Polizia Nazionalari deitu zion eta agenteak etxera agertu ziren.
Bestalde, emakumea sexu harremanak izatera behartzen zuen.