Denboralea
Euri denboralea tarteko, Berastegin metro koadroko 133 litro pilatu dira eta Bidania-Goiatzen, 114
EITB Media
Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak jakinarazi duenez, Gipuzkoan egin du euri gehien. Bestalde, Bizkaiko estazio gehienetan metro koadroko 100 litrotik behera pilatu dira.
Etengabe egin du euria azken 24 orduetan, eta horren erakusle dira EAEko estazio meteorologikoetan pilatutako ur kantitatea. Gipuzkoan egin du gehien, eta Ameraunen (Berastegi) metro koadroko 133 litro bildu dituzte; Bidania-Goiatzen 114 litro metatu dira. Bizkaian, estazio gehienetan metro koadroko 100 litrotik behera pilatu dira. Bi lurraldeak alerta laranjan daude eguerdira arte prezipitazio iraunkorrak direla eta, eta Euskalmeten arabera, 24 orduko epean 80-120 litro pila daitezke metro koadroko.
Hain justu, Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduraduna elkarrizketatu dute goizena Radio Euskadiko "Boulevard" saioan, eta pilatutako euri kopuruen berri eman du. Azaldu duenez, Gipuzkoa ekialdean bota du gehien, eta hor metatu da ur kantitate handiena. Bizkaian, Gorbeia hegoaldean dagoen estazio batean kenduta, 100 litrotik behera geratu dira pilatutakoak. Isurialdeen arteko banalerroan, hots, mendi inguruetan metro koadroko 80 litro pilatu dira, eta Arabako lautadan, 40-60 litro.
Ibaien egoerari dagokionez, Gipuzkoako egoera "kezkagarria" dela aitortu du Arandak, ibaien mailak igotzen jarraitzen duelako. Oria ibaia da txarren dagoena, "nahiko altu" baitago. Bizkaian, ibai gehienen egoera, Cadagua barne, "egonkorra da, eta kasu batzuetan jaitsi ere egin da". Araban, Zadorra maila horian dago.
Euskalmeten arduradunaren arabera, eguerditik aurrera prezipitazioak ez dira hain ugariak izango.