ura
Euri erauntsiek ia edukieraren % 90era igoarazi dute urtegien maila
EITB Media
Ullibarri Ganboakoa ura askatzen hasi da bart, % 89ko mailaraino. Añarbekoa % 90,13an egon da, eta hustu egingo dute egunean zehar. Nafarroan ere, bete-beteta daude urtegiak: Esakoa % 95ean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Atzoko prezipitazio handien ondorioz, Hego Euskal Herriko urtegiak euren edukiera maximoan dira, batez beste % 90ean. Hala, Ullibarri Ganboakoa ura askatzen hasi da 04:00etan, % 88,91ean baitzegoen, eta asmo dute abiadura segundoko 30 metro kubikoraino azkartzea Zadorra ibaiaren egoerak onera egin duela ikusita.
Irati Fernandez Urizar Uholdeen Prebentziorako Teknikariak adierazi duenez, EAEko urtegien egoera ona da. "24 ordu hauetan Ullibarri eta Urrunaga urtegiek metatu duten urarekin Gasteizko ur-hornidura bermatuta dago urte baterako", gaineratu du.
Urrunagako urtegiarekin batera (% 88,53) Gasteiz eta Bilbo urez hornitzen dituen Arabako urtegi horrek. Biek Zadorra ibaira botatzen dute ura, eta atzokoan ia beteta zeuden arren, uhateak itxita eduki zituzten atzo, Gasteizen uholdeak saihesteko. Halere, Batan ibaiak gainezka egin zuen hiriburuaren hegoaldean.
Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako datu eguneratuen arabera, Ullibarri Ganboaren maila itsas mailatik 545 metroan dago. 24 ordu eskaseko tartean, asteleheneko 18:00etatik astearteko ordu berera, 16 hektometro kubiko pilatu ziren, hots, Gasteizek urtebetean kontsumitzen duen uraren pareko. Hori horrela, edukieraren %79 izatetik % 86,7ra igo zen.
Gipuzkoako urtegietan ere egoera antzekoa da, eta Añarbekoa % 90,13an dago. Donostia eta inguruko herriak urez hornitzen ditu urtegi horrek. Horregatik, hustu egingo dute egunean zehar, maila egokira itzultzeko. Izan ere, metroko koadroko 60,9 litro ur bildu zituen astelehenean, eta 95,9 litro asteartean.
Nafarroan, Esakoak gertu du maila gorena: % 95,38an baitago. Gainerakoak, Allotzekoa kenduta (% 87,03), % 90eko edukieratik gora daude: Eugi (% 92,30) eta Itoitz (% 90,45).