Titular nagusiak
Albiste izango dira: Kalte zenbaketa denboralearen ostean, Pablo Gonzalez eta Gaztea Sariak
EITB MEDIA
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko otsailak 28, hedabideetako lerroburu nagusiak:
-Kalte zenbaketa denboralearen ostean: Azken eguneko prezipitazio iraunkorren ondorioz, uholdeak izan dira, zenbait ibaik gainezka egin dutelako, baita luiziak eta zenbait errepidetan ur-putzuak ere. Atzokoan, Gipuzkoan, Gasteizen, Iruñean eta Cadagua ibaian (Bizkaia) egon zen jarrita arreta. Eguerditik aurrera, mailak egonkortu egin ziren, eta jaisten hasi ziren, Oria ibaiaren arroan izan ezik, bertan denbora gehiago behar izan baitzen egoera normalizatzeko.
-Pablo Gonzalez: Pablo Gonzalez kazetariak bi urte bete ditu Polonian atxilotuta, eta elkarretaratzeak eta ekintzak antolatu dituzte hainbat hiritan, bere egoera salatzeko, errugabetasun-presuntzioa eskatzeko eta bidezko epaiketa aldarrikatzeko. Horietako bi, elkarretaratzeak biak, EITBren Miramongo (14:45) eta Bilboko (15:30) egoitzen aurrean izango dira, "2 urte bahituta. Justizia, giza eskubideak eta prentsa-askatasuna" lelopean.
-Gaztea Sariak: Orduak falta dira 2024ko Gaztea Sariei hasiera emateko. Asteazkenean, 18:00etan irekiko ditu ateak Euskalduna Urban Hallek, tiketak minutu gutxian agortu zituen publikoa hartzeko. Sari banaketa 19:00etan hasiko da, Ainhoa Vitoria eta Ibon Fernandezen eskutik. Gaua behar bezala ixteko, Gorka Urbizu izango da oholtza gainean, Hasiera bat diskoa aurkezten.