inkesta
Bazterkeria soziala gutxitu egin da Gipuzkoan, baina % 5,9ra igo da pobrezia larrian dauden pertsonen kopurua
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Zehazki, % 0,6 igo zen proportzioa 2018tik 2022ra. Bereziki, etorkinak eta haurrak dituzten familiak bizi dira pobrezia egoera larrienean.
Desparekotasun sozialak gutxitu egin ziren 2018tik 2022ra Gipuzkoan, Estatuko zein Europako batez besteko mailatik asko aldenduta, baina pobrezia egoera larrian bizi diren pertsonen kopurua hazi egin da. Hain zuzen ere, 42.200 gipuzkoar daude egoera horretan; biztanleen % 5,9.
Zehazki, % 0,6 igo zen proportzioa aipatutako denbora tartean, duela bost urte biztanleen % 5,3 baitzegoen pobrezia egoera latzean.
Esan bezala, batez ere, etorkinak eta haurrak dituzten familiak daude egoera kaskarrenean, gazteen eta adingabeen aurretik, Gipuzkoako pobrezia eta bazterkeria inkestaren emaitzek erakusten dutenez. 2012an, 2014an eta 2018an ere egin zituzten ikerketak.
2022ko estatistika-dokumentu berriaren emaitzak asteazken honetan aurkeztu dituzte Donostian Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Joseba Zalakain Gizarte Ikerkuntzan diharduen fundazio honetako zuzendariak.
SIIS-Dokumentazio eta Ikerketa Zentroak 1.500 etxez etxeko lagina egin du, Foru Aldundiaren enkarguz. Eskualdez eskualde aztertuta, Debabarrenak du pobrezia-tasarik handiena, baina, Zalakainek esan duenez, alokairuko etxebizitza merkeagoei eta, ondorioz, etorkinen kontzentrazioari lotuta dago.