EGURALDIA
Abisu horia ezarri dute elurragatik, haizeagatik eta nabigaziorako arriskuagatik datozen orduetan Euskadin
EITB MEDIA
Gaur arratsaldean haizea mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da eta zerua estaliko da, euria hasiko du eta tenperaturak behera egingo du. Gauean elur-kota 800-1000 metro ingurukoa izango da.
Gaur arratsaldean aldaketa garrantzitsuak etorriko dira. Haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta zakartu egingo da, zerua estaliko da, euria hasiko du eta tenperaturak behera egingo du. Gauean elur-kota 800-1.000 metrora jaitsi daiteke.
Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du barnealdean elur-arriskuagatik. Abisua indarrean egongo da 21:00etatik ostiraleko 03:00ra.
Elur-kota jaisten joango da gaur arratsaldean, eta 800-1.000 metrora kokatuko da goizaldean, eta 1.300-1.500 metrora ostiral arratsalde-gauean. Kantauri isurialdean prezipitazio txikia espero da goizaldean eta arratsalde-gau partean ertaina.
Abisu horrekin batera, beste abisu hori bat aktibatuko dute haizeagatik Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan, 15:00etatik 00:00etara. Mendebaldeko eta ipar-mendebaldeko haize-boladek 90-100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete Bizkaiko eta Gipuzkoako haizeguneetan, bereziki mendebaldeko kostaldean. Haizeguneak ez diren lekuetan haize-boladak 60-80 km/h-koak izango dira.
Itsasoari dagokionez, Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du itsasaldeko arriskuagatik lehen bi milietan, 15:00etatik ostiraleko 00:00etara.
Olatuen altuerak gora egingo du egunean zehar, gauean 3.5 metrotik gora eta goizaldean 4 metrora iritsi arte.
Ostiraleko iragarpenari dagokionez, ia ez du euririk egingo. Goizaldean eta gauean baliteke kantauriar isurialdean prezipitazioak izatea, baina, gainerako orduetan, eguraldia lasaiagoa izango da: goizean eguzkia eta hodeiak egongo dira eta arratsaldean hodeiak ugarituko dira. Elur-kota 900-1.000 m inguruan kokatuko da goizaldean eta 1.200 m inguruan gauean. Mendebaldeko haizea ibiliko da, eta goizean hego-mendebaldekoa nagusituko da.
Ez da baztertzen izotza egitea Araban eta Nafarroako hegoaldean, goizean goiz.
Larunbatean, berriz, goizean eguraldi atsegina espero da eta eguerditik aurrera okerrera egingo du. Goizean haizeak hego-mendebaldetik joko du eta ostarte txiki batzuk irekiko dira. Gainera, tenperatura maximoak jaitsi egingo dira, baina ez dira hotzak izango.
Erdialdeko orduetan, haizeak ipar-mendebaldera egingo du indarrez, prezipitazioak orokortu egingo dira eta tenperaturak azkar jaitsiko dira. Arratsalde-gau partean ekaitzak eta txingorra botako du eta arratsalde-gau partean elur-kota 1.000 metrotik behera egon daiteke.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.