Itxi

EGURALDIA

Negu giroa itzuliko da martxoko lehen asteburuan: euria, ekaitza eta elurra

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Eguraldia ezegonkorra izango da larunbat eguerditik igande eguerdira bitartean. Tarte horretan, tenperatura nabarmen jaitsiko da eta euria egingo du. Are gehiago, txingorra ere bota dezake. Igande arratsaldetik aurrera, atertzera egingo du, eta elurraren mailak ere gora egingo du.

Elurra Asparrenan. Artxiboko argazkia: Amado Lopez de Ipiña

Martxoko lehen asteburuan, negu itxura hartuko du eguraldiak. Euskalmeten iragarpenaren arabera, giroa ezegonkorra izango da larunbat eguerditik igande eguerdira. Tenperatura maximoek nabarmen egingo dute behera, eta euria ez ezik, txingorra ere bota dezake han-hemenka. Halaber, elur-maila 600-800 metrora jaitsiko da. Hala ere, igande arratsaldetik aurrera, atertzera egingo du eta ostarteak zabalduko dira zeruan.

Gaur, ostirala, egunak aurrera egin ahala eta aire masa hotzaren iritsierarekin batera, hodeiak ugaritu egingo dira. Hala ere, tenperatura maximoetan ez da aldaketa handiegirik espero. Gauean, euri pixka bat egin dezake, bereziki kostaldean. Elur-maila 1.300-1.500 metrora kokatuko da gauean. Halaber, haizea hego-mendebaldetik mendebaldera aldatuko da.

Larunbatean, goizean fronte baten etorrerarekin, eguraldia ezegonkortu egingo da. Goizaldean eta goizean goiz, hego-mendebaldeko haizeak gogor joko du eta ateri eutsiko dio. Goizak aurrera egin ahala, ordea, haizeak ipar-mendebaldera egin, eta lainotzera joko du. Euria mendebaldetik sartuko da eta lurralde osoan zabalduko da. Zaparradak ugariak izango dira, batez ere isurialde atlantikoan eta iluntzean, eta baliteke tarteka trumoiak jotzea eta txingorra botatzea. Arratsaldean, elur-maila oso azkar jaitsiko da eta 600-800 metrora zuritu dezake. Gainera, arratsaldean, tenperatura nabarmen jaitsiko da.

Igandean, euria eta giro nahasia izango dira nagusi goizean, baina baretzera egingo du arratsaldean. Goizean, zerua oso hodeitsu egongo da eta zaparradak botako ditu; baliteke goizaldean trumoitsuak izatea, batez ere isurialde atlantikoan. Arratsaldean, atertzera egingo du eta ostarteak irekiko dira. Haizeak mendebaldetik edo ipar-mendebaldetik joko du, nahiko zakar haizeguneetan, baina gauean baretu eta hego-mendebaldera egingo du. Elur-maila 500-600 metrotik 1.500 metrotik gora igoko da arratsaldean. Tenperatura maximoak apur bat jaitsiko dira.

Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.