TRAFIKOA
Elurrak zirkulazioa zaildu du Arabako eta Nafarroako zenbait mendatetan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Elurra dela eta, kontuz gidatu behar da Arabako mendateetan. Nafarroan, Belaguako aterperako errepidea itxi dute, baita NA-2000 errepidea ere, Izaba eta Zuriza artekoa. NA-2011 eta NA-2012 errepideak, berriz, itxita daude, urtero bezala.
Azken orduetan izandako euriteek eta elurrak arazoak eragin dituzte euskal errepideetan.
Araban, esate baterako, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak arretaz gidatzeko eskatzen du Altuben eta AP-68an, Urduñan, Bernedon, Opakuan, Azazetan, Herreran, Zaldiaranen, Gasteizko mendatean eta Barrerillan.
Egunean zehar, kateak behar izan dira horietako batzuetan, eta itxita egon da zenbait ordutan bakarren bat. Horregatik, egoera aldakorra izan daitekeela ikusita, errepidera irten behar izanez gero, trafikoaren egoeraren berri kontsultatzeko gomendatu dute.
Eusko Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana aktibatuta dauka jarraipen eta informazio fasean. Plan horretan, besteak beste, elurra kentzeko 206 makina, 7 garabi astun eta laguntzeko 130 ibilgailu aktibatzeko aukera dago jasota.
Nafarroa, berriz, alerta egoeran dago igandera arte (23:59) elurra dela eta. Gaur bertan, 18:00etan, itxi egin dute Belaguako mendatera daraman NA-137 errepidea, Izabatik Iparraldera doana.
20:00etan, berriz, NA-2000 errepidea itxi dute, Izaba eta Zuriza artekoa, lur-jausiengatik.
Urtero legez, NA-2012 Otsagabia eta Irati lotzen dituen errepidea itxita eta neguko bide-zerbitzurik gabe dago 7. kilometrotik, 2023ko abenduaren 13a eta 2024ko apirilaren 30a bitartean.
Gauza bera gertatzen da NA-2011 Zaraitzu eta Iparraldea lotzen dituen errepidearekin ere, Iturzaetako lepoan, Otsagabia eta Larraine bitartean, 7. eta 20. kilometroen artean.
Istripuak
Bestalde, pertsona bat zauritu da gaur arratsaldean, 15:30 aldera, N-637 errepidean, Zamudio parean izandako istripu batean. Bi ibilgailuk izan dute istripua, eta horietako bat irauli egin da. Hasiera batean, zirkulazioa eten egin da bi noranzkoetan, eta, ondorioz, auto-ilarak sortu dira.
Gainera, A-8 autobidea itxita egon da 11:30etik 17:00etara Ortuella parean, kamioi batek guraizearena egin ondoren. Gidaria zauritu egin da eta auto-ilarak sortu dira.