Elikagaien segurtasuna
Espainiako Gobernuak ziurtatu du A hepatitisaren marrubiak ez direla kontsumitzaileengana iritsi
EITB Media
Osasun Ministerioko iturriek azaldu dutenez, produktua ez zen kontsumitzailearengana heldu merkatutik kentzeko trazabilitatea zehaztu zutenerako. Andaluziako Gobernuak jakitera eman duenez, marrubiak Algeciraseko (Cadiz) portutik sartu ziren.
Osasun Ministerioak gaur adierazi duenez, A hepatitisa antzeman duten Marokoko marrubiak merkatutik kendu zituzten alertaren ostean.
Osasun Ministerioko iturriek ziurtatu dutenez, produktua ez zen kontsumitzailearengana iritsi merkatutik kentzeko trazabilitatea zehaztu zutenerako. Horregatik, kontrolak "funtzionatzen duten ohiko eta eguneroko prozedurak" direla nabarmendu dute.
Bestalde, Juanma Moreno Andaluziako Gobernuko presidenteak jakinarazi duenez, marrubi horiek Algecirasko (Cadiz) portutik sartu ziren, eta dagoeneko aurkitu dituzte Huelvako inportatzailea eta Sevillako banatzailea. Horren harira, Espainiako Gobernuari eta, zehazki, Osasun Ministerioari mugetan kontrol gehiago egiteko eskatu dio.
Andaluziako presidenteak azpimarratu duenez, astelehen arratsaldean jaso zuten abisua, eta 24 ordu eskasetan inportatzailea eta banatzailea aurkitu zituzten, eta produktuaren trazabilitatea zehaztu zuten.
"Behar diren egiaztapen guztiak egiten ari gara ziurtatzeko ez direla banatu eta, batez ere, ez direla kontsumitu, horrek kezkatzen gaituelako", nabarmendu du.