Emakumeen Nazioarteko Eguna
Zaintza sistema publikoa eta emakumeen ahalduntzea ardatz hartuta dator martxoaren 8a
EITB Media
Aurrerapenak aurrerapen, M8a aldarrietarako eguna da gaur gaurkoz, ospakizunerako baino; gizon eta emakumeen berdintasun erreala, emakumeen aurkako indarkeriarik eza, zaintza-sistemaren hutsuneak konpontzea eta emakumeen ahalduntzea, egitate barik, helburu eta aldarri baitira 2024 honetan oraindik.
Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna da. Duela mendea pasa, 1917an, Errusian du jatorria egun honek, izan ere, urte hartako martxoaren 8an, emakume errusiarrak grebara joan ziren, ogia eta bakea eskatzeko. Greba harkk tsarraren abdikazioa eta emakumeen boto eskubidea ekarri zituen berehalako ondorio gisa.
Ordutik hona, eta azken hamarkadetan emakumeen eskubideen aitortzan aurrerabide nabarmenak egin badira ere, oraindik orain, martxoaren 8a gehiago da aldarrikapenetarako eguna, ospakizunetarako baino. Gizon eta emakumeen eskubide berdintasun erreala, emakumeen kontrako indarkeria amaitzea, zaintza-sistemaren hutsuneak konpontzea eta emakumeen ahalduntzea, esaterako, helburu eta aldarri baitira 2024 honetan oraindik, egitate baino, mugimendu feministek hainbatetan azpimarratu dutenez.
2024ko martxoaren 8 honetan, hain zuzen ere, zaintza-sistema publiko, komunitario eta duina izango da Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eskaeren ardatz, iazko Martxoak 8ko eta azaroaren 30eko Greba Feminista Orokorreko eskakizunen ildotik.
Gaur "Gure bizitzekin negoziorik ez!" lelopean egingo diren mobilizazioen aurkezpenean, EHMFk salatu zuenez, egungo "sistema heteropatriarkal kapitalistak emakumeen lan-indarra esplotatzen du, "bai etxean, bai enpleguan, baita zaintza-lan guztietan ere". Azpimarratzen dutenez emakumeek "doan eta inolako aitorpenik gabe" egiten duten lan horrek "zuzenean prekarietatera eta etengabeko zapalkuntza-egoeran bizitzera" kondenatzen ditu.
Nabarmendu dutenez, neurri haundi batean emakume atzerritarren gain egon ohi dira zaintza-lanak eta emakume horietako askok "esplotazio" egoeran edo baldintza penagarrietan egiten dute lan. Hori gutxi ez eta, egoera irregularrean, eta legeen mehatxupean aritzen dira asko.
Beraz, egoera hori irauli eta zaintza-sistema publikoa eraikitzea aldarrikatuko dute. Halaber, emakume palestinarrekiko "elkartasuna eta maitasuna" ere oso presente egongo da gaur, baita, nola ez, "indarkeria matxistaren ondorioz hildako, bortxatutako, jazarritako eta etxetik kanporatutako emakume eta neska guztiak" ere.
Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak ere dei egin die herritarrei mugimendu feministek eta emakumeen elkarteek martxoaren 8rako antolatutako mobilizazioetan "aktiboki parte hartzeko".
Emakunderen aurtengo kanpainak "Zuetaz harro" leloa darama, adineko emakumeek berdintasunari eta, zehazki, emakume gazteenen ahalduntzeari egiten dioten ekarpena aitortzeko. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren hitzetan, "ahalduntzea emakumeen eta gizonen berdintasunerako eraldaketa sozialerako baldintza eta bermea da; emakumeen ahalduntzerik gabe, ez dago berdintasunik".
Horrela, Emakundek gizarte osoa gonbidatu du Berdintasunaren eta Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzen Aldeko Herri Itunean parte hartzera.