Itxi

Martxoak 8

Emakumezkoen esku daude ordaindutako lanpostuen % 48, duela 40 urte baino % 18,4 gehiago

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Legebiltzarrean, 2005etik, parekatuta dago emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkaritza. Bestalde, EAEn 86,1 urteko bizi itxaropena dute emakumeek.

Hiru emakume, Bilbotik paseoan. Argazkia: EITB Media

1981ean, ordaindutako lanpostuak betetzen zituzten emakumeen kopurua ez zen % 30era iristen. Lan egiteko adina zutenen artean, % 34,4 zeuden beharrean garai hartan.

Gaur egun, ostera, emakumezkoen esku daude ordaindutako lanpostuen % 48, eta 18 eta 65 urte bitarteko emakumeen % 67,2k dute ordaindutako lanpostu bat.

1981ean, bestalde, langabezia tasa % 22,8koa zen emakumeen artean; gaur egun, % 7,8koa da.

Era berean, aldatu egin da unibertsitate ikasketak dituztenen portzentajea. 1985-86 ikasturtean goi mailako ikasketak egiten ari ziren ikasleen % 47,6 emakumeak ziren. Hamar urte geroago, % 54,5eraino igo zen portzentajea, eta berdintsua da oraindik ere.

Ordezkaritza politikoa

1980an, % 7 baino gutxiago ziren emakumezkoak Eusko Legebiltzarrean. Hamarkada bat geroago, % 16ra igo zen portzentaje hori, eta handik 20 urtera, % 33ra. Urrats bat gehiago emanda, 2005etik, parekatuta dago emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkaritza.

Emakumeen bizi itxaropena

Biztanleriaren zati handi bat betetzen dute adineko emakumeek. Euskal Autonomia Erkidegoan, 86,1 urteko bizi itxaropena zuten, hain zuzen ere, emakumeek 2022an; 40 urte lehenago, 76,9 urtekoa zen.

Horrenbestez, 13,7 puntu hazi da 65 urtetik gorako adinekoen kopurua. Zehazki, biztanleen % 9,8 ziren 1981ean, eta % 23,5 dira gaur egun. Hartara, % 135 igo da 65 urtetik gorako emakumeen kopurua, eta % 43 jaitsi da 20 urtez azpikoena.

Gizartean aldaketa izan da, eta horrek ekarri du geroz eta emakume gehiago bakarrik bizitzea. 85 urtetik gorako emakumeen % 38,5 bakarrik bizi dira.

Eguneko zentroetako erabiltzaileen % 71,6 eta adinekoen egoitzetako % 68,8 emakumeak dira.