Itxi

WhatsApp taldeak

Hamabi atxilotu, horietako bat 14 urteko adingabe donostiar bat, material pedofiloa birbidaltzea egotzita

EITB Media

Leer en Castellano

Atxilotutako adingabe donostiarra zaintzapeko askatasunean utzi dute dagoeneko, sare sozialetan sartzeko debekuarekin. Operazioa azaroan abiatu zuten, guraso batzuek salaketa jarri ondoren, Aldapeta Maria ikastetxeak (Donostiako zentro handiena) zirkular bat zabaldu ostean.

Artxiboko argazkia: EFE

Guardia Zibilak eta Polizia Nazionalak 12 pertsona atxilotu dituzte, tartean 14 urteko adingabe donostiar bat, eta beste 44 ikertu, haur-pornografia edukitzea eta banatzea eta adingabeak galbideratzea egotzita.

Operazioa azaroan hasi zen, guraso batzuek salaketa jarri baitzuten Euskadiko ikastetxeetan, adingabeak jasotzen ari ziren mezuen berri emateko. Umeak WhatsApp taldeetan sartu zituzten, euren baimenik gabe.

Zehazki, Aldapeta Maria ikastetxeak (Donostiako zentro handiena) familiei helarazi zien zirkular batek eman zuen arazoaren berri. Agirian, ikasleak "oso eduki desegokiak" zituzten txatetan parte hartzera gonbidatzen ari zirela ohartarazi zuen zentroak.

Ondoren, EAEko beste hainbat ikastetxek adingabeak jasotzen ari ziren mezuen berri eman zieten gurasoei beste zirkular batzuen bidez.

Gipuzkoako Fiskaltzak, orduan, gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean "premiaz" salatzeko eskatu zien adingabeen gurasoei, eduki pornografiko "oso bortitza" zuten WhatsApp taldeak zirelako.

Ikerketari esker, 14 urteko adingabe bat atxilotu dute. Ustez, Donostiako etxetik kudeatzen zuen "ordenagailu nagusia", "bidalketak egin eta dinamizatzen ziren" horren bidez, baita telefono mugikor bat ere. "Bideo- eta argazki-artxibo ugarietan, haur, prepuber eta adingabeek sexu esplizitua zuten helduekin eta beste adingabe batzuekin", ikerketa horren iturrien arabera. Adingabe donostiarra zaintzapean aske utzi dute dagoeneko, sare sozialetan sartzeko debekuarekin, iturri berberek baieztatu dutenez.

Ustez, gazte horrek sare sozial ezagun bateko 100 profilekin hitz egiten zuen aldi berean, eta material pedofiloa 'ad hoc' sortutako programa informatiko baten bidez banatzen zuen, Guardia Zibilak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Era berean, DEEP WEBetik edo ezkutuko Internetetik lortutako eduki pedofiloa zabaltzeko hainbat terminal mugikor erabili dira.

Guardia Zibilaren arabera, operazioa azaroan hasi zen, komunikabideen bidez jakin ostean zenbait talde zeudela berehalako mezularitzako kanal batean. Talde horien hartzaileak adingabeak ziren, eta eduki pornografikoa banatzen zuten, baita gorroto-mezuak, arrazistak, homofoboak eta faxistak ere.

Gainera, ikerketa teknologikoko adituek edukiak zabaltzeaz arduratzen diren 'nick'en atzean zeuden pertsonak identifikatu dituzte. Donostiatik, Toledotik, Dos Hermanasetik (Sevilla), Iruñetik eta Madrildik jarduten zuten. Ikerketa Colmenar Viejoko (Madril) Instrukzioko 4 zenbakiko Epaitegiak zuzendu du.

Jose Eizmendi, Donostiako Aldapeta Maria ikastetxeko zuzendaria, pozik agertu da ikerketaren emaitzarekin. "Zerbaitetan lagundu badugu, pozgarria da", azpimarratu du. "Azkar jokatu behar zen", ohartarazi behar zitzaien familiei eta gaztetxoei, WhatsApp talde horien berri eman behar zen, eta, jakina, Poliziaren aurrean salatu behar zen, esan du.