23. KORRIKA
Egun osoko egitaraua prestatu dute Irunen, ostegunean abiatuko den Korrikari hasiera emateko
EITB MEDIA
23. Korrikari hasiera emateko prestatu duen egitaraua aurkeztu du AEK-k. Gazte Korrikak emango dio hasiera egunari, 11:00ak aldera, eta Korrikaren hasiera ekitaldia 15:30ean izango da, 16:00etan euskararen aldeko lasterketa abiatu aurretik. Arratsalde-iluntzean kontzertuak izango dira.
Your browser doesn’t support HTML5 video
23. Korrika martxoaren 14an abiatuko da Irundik eta egun osoko jaia prestatu dute euskararen aldeko lasterketari hasiera emateko. Hain zuzen ere, ostegunerako prestatu duen egun osoko egitaraua aurkeztu du gaur goizean AEK-k.
Egitaraua goizeko 11:00ak aldera hasiko da, Gazte Korrikarekin, eta goiz osoan hainbat ekimenek alaituko dute eguna: Muxikoak (Almudena Grandes plazan), bertso triki-poteoa eta artisau azoka, besteak beste.
15:30ak aldera, 23. Korrikaren hasiera ekitaldia egingo da, San Juan plazan. Bertan, AEKren hainbat bozeramailek hastapena emango diote lasterketa erraldoiari, Maddi Sanz arpa-joleak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariak lagunduta.
Mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatuko da Korrika. Lehendabiziko kilometroa Bidasoko AEK euskaltegiko 11 irakaslek egingo dute. Euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagaren esanetan, "lehen kilometro horrek islatuko du, alde batetik, euskaraz bizitzeko kemena; bestetik, Korrikak hauspo izan nahi duela Irunen euskalduntze-lanak tinko aurrera egiteko".
Korrikak Lapurdin barrena segitzen duen bitartean, Irunen jaiak segituko du kontzertu eta ekitaldi ugarirekin (Mosku plazaren inguruan): Burrunba elektrotxaranga tabernetatik, eta Esne Beltzaren zein Bad Sounden kontzertuak agertokian.
¿Dena prest Irunen, 23. KORRIKAri hasiera emateko!
— AEK (@AEK_eus) March 11, 2024
¿Albistea: https://t.co/6qEqSAixTU
¿Egitaraua: https://t.co/IhA3sjCyF0#HarroHerri #KORRIKA #23KORRIKA pic.twitter.com/wuxMmoiEqx