EUSKOTREN
Zumaia eta Zarautz arteko tren zerbitzua datorren larunbatean berrezarriko dute
EITB MEDIA
Zortzi hilabetez egon da itxita, luizi baten ondorioz. Orotara, hiru kilometro eta erdiko tartea berritu dute.
Zumaia eta Zarautz arteko Euskotrenen zerbitzua datorren larunbatean berrezarriko dute, zortzi hilabetez etenda egon eta gero. Iazko uztailaren 19an Meagako tunelaren parean izandako luizi baten ondorioz itxi zuten.
Gaur zabaldutako ohar batean, Euskal Trenbide Sareak (ETS) jakinarazi du zerbitzua etetea ezinbestekoa izan dela, tarte horretan trenbidea zein Meagako eta San Migueleko tunelak eraberritzeko.
Lur-jausia izan zenean, Meagako tunelaren egitura indartzeko eta trenbidea konpontzeko lanak egiten ari ziren. Tunelaren barruan izan zen luizia, eta, batez ere, harri-horma desegonkortu zuen. Inork ez zuen minik hartu.
Lanen lehendabiziko fasean, Zarauzko aldean egin ziren konponketa lanak, eta bigarrenean, Zumaiako partean. Orotara, hiru kilometro eta erdiko tartea berritu dute; katenaria eta komunikazio azpiegiturak berritu dituzte tarte horretan, besteak beste.
Lanek iraun duten bitartean, Zumaia eta Zarautz arteko zerbitzua autobus bidez bermatuta izan dute bidaiariek.