Datuen babesa
Auzitegi Nazionalak eutsi egin dio Worldcoini irisaren datuak biltzeko ezarritako debekuari
EITB Media
Worldcoin enpresak helegitea jarri zion Datuak Babesteko Espainiako Agentziak otsailaren 26an emandako aginduari. Administrazioarekiko Auzien Aretoak errekurtsoa atzera bota du ebazpen batean.
Auzitegi Nazionalak Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren (AEPD) agindua berretsi du. Agindu horrek debekatu egin zion Worldcoin enpresari milaka pertsonaren irisa eskaneatzen eta datu pertsonalak Espainian modu horretan biltzen jarraitzea. Era berean, 400.000 erabiltzaileren informazioa blokeatzeko agindu zion.
Egoitza Erlangenen (Alemania) duen Worldcoin enpresako Tools for Humanity Corporation GMBHk (TFH) agindu horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen, eta Auzitegi Nazionalari eskatu zion bertan behera utz zitzala neurriak, "behin-behinean".
Administrazioarekiko Auzien Aretoak helegitea atzera bota du gaur ebazpen batean. Auzitegi Nazionalak erabakian argudiatu duenez, "interes orokorra babestu behar da, hau da, interesdunen datu pertsonalak babesteko eskubidea, batez ere enpresaren interes partikularraren aurrean".
Worldcoin enpresa Sam Altmann ChatGPT OpenAI matrizeko kontseilari delegatuak sortu zuen 2019an. Kalkuluen arabera, 400.000 erabiltzaile boluntario inguru erakarri ditu Espainian, 70 eta 80 euro bitartean kotizatu duten txanpon digitalen truke irisa eskaneatzeko. Praktika hori duela hilabete batzuk hasi zen munduko hainbat lekutan, eta lau salaketaren bidez iritsi zen Datuak Babesteko Espainiako Agentziara.
Joan den otsailaren 26an, AEPDk debekatu egin zion konpainiari praktika horrekin jarraitzea, eta ohartarazi zuen 20 milioi euro arteko isunei aurre egin ahal izango ziela datuak biltzen jarraituz gero. Horrelako neurri bat hartzen zuen lehen aldia zen.
Konpainiak helegitea jarri zuen, uste zuelako horrek kalte eta galera konponezinak ekarriko zizkiola, bai Espainian, bai mundu mailan. Ebazpena Espainiako Agentziaren eskumenetatik kanpo geratzen zela argudiatu zuen errekurtsoan, Bavariako agintaritzak erabakia hartu behar zuela iritzita. Enpresak helbidea Alemanian duenez, datuak babesteko araudia betetzen duen kontrolatzeko eskumena bertako erakundeek dute, konpainiaren esanetan.
Argudio horiek ez ditu onartu Auzitegi Nazionalak, eta uste baitu AEPDk eskumena duela enpresa horrek Espainian duen jarduera etetea erabakitzeko, gaiaren mamia aztertzen dutenean erabakitzen dena alde batera utzita.
Hala ere, Auzitegi Nazionalak gogorarazi du ebazpena aldi baterako dela, gehienez ere hiru hilabetekoa, eta, beraz, gaiaren funtsari dagokionez arrazoia emango balitzaio, ez lukeela eragotziko enpresa horrek etorkizunean bere jarduerarekin jarraitzea.