GARRAIO PUBLIKOA
Mugi txartela jada erabili daiteke Bilboko Aireportura doazen Lurraldebuseko lineetan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Donostiatik Bilboko aireportura Mugi txartel pertsonalizatuarekin bidaiatzen duen pertsona batek 3,35 euro ordainduko ditu, gaur egungo 17 euroen aldean.
Gipuzkoatik Bilboko Aireportura doazen Lurraldebuseko autobusetan Mugi txartela erabili ahal izango da, gaurtik, martxoaren 18tik, aurrera.
Aireporturako zerbitzua Mugi sisteman sartu ondoren, Donostiatik aireportura bidaiatzen duen pertsona batek 3,35 euro ordainduko ditu Mugi txartel pertsonalizatuarekin, 4,39 euro Mugi anonimoarekin, eta 12,90 euro Mugirik gabe, gaur egungo 17 euroen aldean.
Zarauztik bidaiatzen dutenek Mugi txartel pertsonalizatuarekin 2,51 euro ordainduko dute, Mugi anonimoarekin bidaiatzen dutenek, berriz, 3,28 euro, eta Mugi txartelik gabe egiten dutenek 9,65 euro. Gaur egun, 14 euro balio du txartelak.
Azkenik, Debagoiena eta Debabarrena udalerrien eta aireportuaren arteko konexioek 1,94 euro balioko dute Mugi pertsonalizatuarekin, 2,53 euro Mugi anonimoarekin eta 7,45 euro Mugi gabe, egungo 12, 10 eta 8 euroren aldean Arrasatetik, Bergaratik eta Eibarretik hurrenez hurren.
Bestalde, gaurtik aurrera, martxoaren 18rako eta hurrengo egunetarako txartelak erosi ahalko dira. Halaber, astelehenetik autobusean bertan eskuratu ahal izango dira txartelak, Mugi erabilita.
Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, hilaren 18tik aurrera, "txartela erosi den bidaia jakin horretarako soilik erabili ahal izango da, eta, ez bada hala egin behar, baliogabetu egin beharko da horretarako ezarritako epean".
Halaber, pandemia garaian abian jarri zen Lurticket aplikazioa bertan behera geldituko da, eta, ondorioz, txartelak soilik eskuratu ahal izango dira leihatilan, autosalmentako makinetan, web orrian eta autobusean bertan Mugi txartelaren bidez.